Jazz zaleek hitzordu garrantzitsua laster musika-genero honekin, BBK eta Bilbaina Jazz Club-aren eskutik; izan ere, BBK Jazz erakustaldiaren V. edizioa jarriko dute martxan, eta lehiaketa honekin musika-genero honetako talentu berriei adore eta bultzada eman nahi die BBK-k.
Hiru egunez jarraian, gaurtik larunbatera, jazz-az gozatzen dutenek sei kontzertu izango dituzte, Euskal Herriko eta estatuko jazz-panoraman urtean zehar izan duten musika-ibilbideagatik aukeratutako musikariekin. Aurtengo edizioan iazko edizioaren irabazlea ere izango da: Alberto Arteta Group.
Emanaldiak
Zikloari hasiera The Rising Circus euskal seikoteak emango dio gaur, hilak 27, 20:00etan. Talde hau Aitor Rodriguez baxu- eta piano-jotzaileak sortu zuen, autore-nortasun markatuarekin eta Brian Blade, Bill Evans edo Maria Schneider-en eraginekin. Konposizioei Estibaliz Urkiza kantariaren jatorrizko letrak gehitu behar zaizkie.
Egun berean, euskal taldearen txanda Musikene Big Band-ek hartuko du, eta berak emango du BBK Jazz Erakustaldiaren hasierako kontzertua 21:00etatik aurrera. Talde hau 2003an sortu zen Euskal Herriko Goi-mailako Musika Ikastegian (Musikene) jazz espezialitatea egiten duten ikasleen jarduera akademiko gisa. Orkestrak honelako taldeen ohiko formatua du, tronpetak, tronboiak, saxoak eta atal erritmikoa barne.
Ostiralean, zikloa 20:00etan hasiko da Raul Vera Group-en emanaldiarekin; gitarrista aldakor hau jazza eta rocka batzen diren eremuetan mugitzen da, eta emaitza soinu fresko eta modernoa da, bere ‘Chromatic’ diskoan ikusten den bezala; lan hau jazz-rock fusion generoaren barruan kokatzen da, gitarra-melodia eta harmonia landuekin. Veraren musikak 80ko urteetako fusion-aren eragina du, baita egun-egungo jazz-rock-arena ere.
Ordubete geroago, 21:00etan, Iñaki Araskitain Jazz Funk Project-ek emango du eguneko bigarren kontzertua. Iñaki Arakistain saxo-jotzailea buru dela, ospe sendoa lortu du taldeak Espainiako jazz-panoraman. 2008an ‘Tiempos de Búsqueda’ eman zuen argitara, bi urte geroago ‘Plan B’, berrespen-lana, funk-az gainezka dagoena. Eta 2014an ‘Saxual’ argitaratu du, funk-aren pultsio erritmikoa beste koska bat estututa.
Larunbatean Alberto Arteta Group-en txanda izango da, eta 20:00etan beren lehen diskoa, BAT, aurkeztuko dute, 2014an grabatua, BBK Jazz-eko iazko edizioan Impulso saria irabazi zuen proiektu gisa. Musikari honek proiektu askotan jo eta grabatu du (Pirineos Jazz Orchestra, Kike Arza Stet, The Broken Brothers Brass Band) eta jazz-agertoki garrantzitsuetan egin ditu emanaldiak.
Zikloko azken kontzertua Juan Sebastian 4tet taldearen eskutik izango da. Juan Sebastian-ek lehen diskoa lider gisa, `Lluvia de Mayo´, 2013an grabatu zuen, Arturo Valero eta Guillermo McGill-ekin batera. Jazz klub garrantzitsuetan ibilia da, eta Distrito Jazz espainiar aldizkariak 2013ko lanik onenetako bat bezala nabarmendu zuen. Bere proiektu berria laukotean aurkeztuko digu, nazioarteko maila duten hiru musikari handi inguruan dituela.
BBK Jazz sariak eta sarrerak
Urtero, BBK Jazz-ek sariak ematen ditu zenbait kategoriatan euskal musikarientzat, nonahi bizi direla ere. Zehatz esanda, sariak kategoria hauetan ematen dira: Instrumentistarik Onena; Diskorik Onena; Impulso saria (nabarmentzen ari den baina diskorik argitaratzeko aukerarik izan ez duen proiektu bat saritzen da); eta Epaimahaiaren Sari Berezia (erakustaldiaren sail finkoetatik kanpo dagoen kategoria, non epaimahaiak ahalmena duen artisten zenbait musika-alderdi saritzeko).
Egun bateko kontzertuetara joateko (egunean bi kontzertu) 9 euro ordaindu behar dira, %20 beherapenarekin Kutxabank txartelak erabilita erosten badira (gehienez 2 sarrera txartel bakoitzeko). Hiru egunetarako bonuak ere eskura daitezke 20 euroko salneurrian. Bonu hau BBK Salako leihatilan bakarrik eros dezakete Kutxabank txartelen titularrek eta Bilbaína Jazz Club-eko bazkideek.