Hogeita bost urte. Zifra egokia da haren gogoramena modu egokian ospatzeko. Eta ospatu hitza erabili nahi dut, berariaz, gertaera hits haren gogoramena alaia eta bizitasunez betea delako.
Pozez beterik hurbildu nintzen Bilboko Campos Antzokira `Zohardia´ izeneko dokumentalaren estreinaldia ikustera, eta are pozago urrundu nintzen etxera. Zein izen ederra! Zohardia, zeru oskarbia, lasaia, aratza. Iratzar, lana baitago etorkizuna eraikitzeko, oraindik idatzi gabeko historia sortzeko. Josu, etorkizuneko mezuaren sortzailea; zeren bizirik baitago hark ernetako mezua, nahiz mezularia bala batek eramana izan.
Heriotza bati buruzko dokumental laburra izango zelakoan, Josuren bizi oparoari buruzko dokumentu luze mardula gozatzeko aukera izan genuen hara hurbildutakook; berarekin hainbat arlotan jardundako lagunen lekukotzaren bidetik. Guztien hitzek hunkitu ninduten, baina bereziki hunkigarria izan zen filmaren hasieran amaren sabelean gauzatzen ari zen Aneren hitzen oihartzuna, Josu hil zutenen porrota adierazten zuen emakume biziaren presentzia.
Ane, bizitasunaren sinboloa, mezu ezin positiboagoa aldarrikatuz, maitasunezkoa, amaren berotasunean eta lekukoen hitzen bidez eraiki duena berak zuzenean gozatu ezin izan zuen bizia. Bere historia propioa, oraindik ere historiaren sabelean dagoen baina sortzear dagoen herri zahar-berriaren metafora; bizia eraiki nahi duen herri batena.
Zinez, ikustea merezi duen zinea, dokumentala, egunero eraikitzen ari den dokumentu historiko bizia.