Bilboko Udaltzaingoak uriko kaleetan eskola-garraioan dabiltzan ibilgailuak kontrolatzeko eta zaintzeko bigarren kanpaina hasiko du datorren astelehenean, azaroaren 24an, hilaren 30era arte (igandea). Kanpaina hori Euskadiko Bide Segurtasuneko Plan Estrategikoaren barruan dago.
Ekimen horren bidez, aztertu nahi da ikasleen garraioa zein baldintzatan egiten den eta Bilboko Udalak baimendutako ibilbideak eta geralekuak egokiak direla ziurtatu; era berean, eskola-garraioan ari diren ibilgailuak zorrotz kontrolatu nahi dira.
Horretarako, Udaltzaingoak azterketa mota bi egingo ditu kanpainak irauten duen bitartean. Lehenengoan administrazio arloko kontrola egingo dute, alegia, ibilgailuen eta gidarien baimenak eta agiriak (gidabaimena eta alkoholemia-proba, besteak beste) eskatuko dituzte; bigarrenean arreta berezia jarriko zaie zerbitzua ematen duten autobusen ezaugarriei, eskola-umeen segurtasuna bermatze aldera. Udaltzainek arau-hausteren bat egin dela ikusten badute, salaketa jarriko dute.
Era berean, kontrolak egiten dituzten udaltzainek ziurtatuko dute eskola-garraioan dabiltzan autobusek Bilbon egiten dituzten ibilbideak eta geralekuak Udalak baimendutakoak direla.
Bilboko Udaltzaingoko Trafikoko Atalak lortzen dituen datuekin taulak egingo dira, estatistikak osatzeko; horretarako, aldez aurretik ezarritako adierazle jakin batzuetara egokituko dira.
2013-2014 eskola ikasturtean egindako kanpainak
2013-2014 eskola ikasturtean Bilboko Udaltzaingoak egindako kanpainetan, zenbait kontrol egin zituen 22 ikastetxetan eta 93 ibilgailu aztertu zituen. Udaltzainek salaketa bina jarri zituen, eskola-garraioko txartelean irregulartasunak edukitzeagatik, eta horrek agerian jartzen du Urian eskola-garraioan ari diren ibilgailuen egoera, oro har, balekoa dela.