Chun-kyu Park-en Hego Koreako ‘Mould’ film laburrak irabazi du ZINEBIko sari nagusia

uriola.eus 2014ko aza. 21a, 10:08

Aitor Gutierrezen Anómalo lanak Euskal Zinearen Sari Nagusia lortu du, eta Javier Maciperen Os meninos do rio filmak Zine Espainiarraren Sari Nagusia; Adam Breier zinegile kubatarraren Marea lanak lortu du Film Latinoamerikar Hoberenaren Saria. 

Chun-Kyu Park Hego Koreako zinegilearen Mould (2014) fikziozko film labur dokumentalak irabazi du Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren (ZINEBI) 56. Edizioko Sari Nagusia. 15 minutu baino pixka bat gehiago irauten duen eta Aitor Gutierrez euskal zuzendari gazteak egin duen Anómalo fikziozko lanak irabazi du Euskal Zinearen Sari Nagusia, Javier Maciperen Os meninos do rio filmak lortu du Zine Espainiarraren Sari Nagusia. Azken hori ere fikziozko lana da.

Horrez gain, Adam Breier zingilearen Marea film kubatarrak lortu du Film Latinoamerikar Hoberenaren Saria. Zinebiko aurtengo edizioan 65 film lehiatu dira Sekzio Ofizialean.

Sarituen zerrenda gaur goizean aurkeztu du ZINEBI 56ko epaimahaiak. Aurtengo epaimahaiko kideak hauek izan dira: Alberto Garcia Ferrer, Asociacion de Televisiones Educativas y Culturales Iberoamericanas izenekoaren Idazkari Nagusia; Carlos Balague zinegile, kritikari eta saiakeragile katalana, Ingrid Mwangi multimedia artista keniarra, Olga Pärn zinegile bieloerrusiarra eta Jon Sistiaga euskal kazetaria. 

ZINEBIren 56. edizioaren amaiera ekitaldia Unax Ugalde eta Goya Toledo antzezleek aurkeztuko dute, eta gaur arratsaldean ospatuko da Arriaga Antzokian (20:00etan). Ekitaldian, sari guztiak banatzeaz gain, hil ondorengo Ohorezko Mikeldia emango zaio duela denbora gutxi hil den Alex Angulo antzezleari. Saria Mayda Zabala emazteak eta Dodó alabak jasoko dute.

Horrez gain, amaiera ekitaldian, 1961ean Raúl Peña zinegile beteranoak egin zuen Más allá de Bilbao film labur dokumentala eskainiko da. ZINEBIren ekimenari esker orain berriztatu den film laburra, Itsasadarrari eta garai hartako Bilboko hiriguneei buruz koloretan egindako lehenengo erretratutzat har daiteke.

Sariak generoz-genero

Zine dokumentalaren atalean, Urrezko Mikeldia Morgan Knibberen Shipwreck (Herbehereak, 2014, 15 min.) filmak jaso du, eta Felipe Bustosen Nae pasaran (Britainia Handia, 2013, 13,24 min.) dokumentalak irabazi du Zilarrezko Mikeldia.

Fikziozko film hoberenaren Urrezko Mikeldia, Milad Alamiren eta Aygul Bakanovaren Void (Danimarka, 2014, 17 min.) lanak irabazi du, eta kategoria horretako zilarrezko Mikeldiari dagokionez, Petros Silvestrosen Mike (Britainia Handia, 2014, 8 min.) filmak jaso du.

Animazioaren atalean, Urrezko Mikeldia Tomek Duckiren Laznia (Polonia, 2013, 4 min.) lanak irabazi du, eta Jossi Malisen Bendito machine V-pull the trigger (Espainia, 2014, 12 min.) filmak jaso du Zilarrezko Mikeldia.