Tresna, baliabide eta programa informatiko ugari oraindik erdara hutsez ditugu. Erresonatziak edota ekografiak eskatzen ditugunean erdara hutsean iristen zaizkigu eta historia klinikoa euskaraz betetzeko trabak besterik ez ditugu izaten. Guzti honek gure lan jarduna euskaraz burutzea oztopatzen du, gure egunaren zati garrantzitsua betetzen duten orduetan euskaraz ezin bizi eta lan egin izatea. Non eta duela 35 urtetik euskara ofiziala den eremuko osasungintza publikoan. Begibistakoa da egoera honen ondorioz erabiltzaileen hizkuntz eskubideak ere kaltetuak direla, osasun dokumentuak, eta zenbait kasutan arreta bera ere, erdara hutsez jasotzera behartuak bait daude erabiltzaileak.
LAB sindikatuak gai honetan euskara gutxienik gazteleraren parean kokatzea exijitzen du. Ezin dugu onartu gaztelera izatea lan-hizkuntz “arrunta” eta euskaraz lana egin ahal izateko eskaera “bereziak” egin behar izatea langileok edota erabiltzaileak.
Gogoratu behar da Osakidetzako 2. Euskara Planean datorren puntuetako batek dioena: “zerbitzu-erakundeek laguntza eskeiniko diete dokumentazioa euskaraz sortzeko prest dauden langileei”. Beste hainbat puntutan gertatzen den moduan, kasu honetan ere Euskara Planean jasotakoak ezeresean geratzen ari dela ikusten ari gara. Laguntzak, formakuntza, bitartekoak, jarraipena, arduradunen erantzunkizuna... ez ditugu inondik ikusten.
Abenduan Zumarraga Ospitalean erresonantzien unitate berria irekiko du Osakidetzak. Unitate berri horrek hasera haseratik osasun dokumentazioa elebitan eskaini beharko luke. Izan ere, langileon eta erabiltzaileon hizkuntz eskubideak urratuko dituzten unitate berriak sortzea ezin dezakegu onartu. Bestalde, egun gutxi barru emango du ezagutzera Osakidetzak Historia Klinikoa euskaraz bete ahal izatearen inguruan bere proposamena. Euskara Planeko hitz politez haratago normaltasunez euskaraz lan egin ahal izateko bideak irekitzea besterik ez dugu espero.
LAB sindikatuak deia luzatzen dio osasungintzako langilegoari euskaraz bizi eta lan egitearen aldeko bidea urratu dezagun. Egunerokoan lana euskaraz egin, horretarako dugun eskubidea errespetatu arazi eta Osakidetzari beharrezkoak diren bitartekoak jartzea eskatu diezaiogun. Proba grafikoak, erresonanziak, historia klinikoak, informatika aplikazioak, lan bitartekoak, euskaraz nahi eta behar ditugu.
Euskaraz bizi nahi dugun langile eta erabiltzaileon eskubideak errespetatzea eskatzen dugu, ez besterik.