Atzo, azaroak 21, hileroko 3. ostiraletan normalki egiten dugun bezala, Pentsionistak Martxan Plaza Biribilean bildu ginen gure aldarrikapenak egitera. Oraingoan gure oihuak batez ere Osasun Zerbitzu egokien aldekoa izan zen: Osasun zerbitzu publikoa, kalitatezkoa, doakoa eta guztientzat.
Publikoa. Azken aldian Osakidetzako langileen artean dagoen ezinegona eta haserrea agerian geratu da: behin eta berriz grebara joan behar izan dute zatika-zatika Osakidetza pribatizatzen ari diren agintarien kontra: egoitzen garbiketak, ospitaletan zerbitzatzen diren otorduak, mediku arretak... Zerbitzu horien ardura hartzen duten enpresen helburua merkeago eta hobeki egitea ote da? Errealitatearekin alderatuta txarragoa dela argi dago, eta batzutan merkeagoa dela entzun badugu ere, ez dira gauzak garbi jartzen jendearen aurrean.
Kalitatezkoa. Herri batek duen zerbitzurik oinarrizkoenetakoa da osasun zerbitzua. Izan ere osasun arazoak dituen jendea egoera oso berezian aurkitzen da, osasuna ezean dena falta dela iruditzen zaiolako pertsonari. Ez da kasualitatea baina azken aldian Osasun kontseilaria behin eta berriro atera da gure osasun zerbitzua zeinen garestia den gogoratzera: eguneko 9 milioi euro. Agian horrekin murrizketa batzuk justifikatu nahi ditu. Adibidez, aspaldian langile baten baja ez dela betetzen. 2-3 mila baja daude une honetan bertan, betetzen ez direnak. Nola esan diezagukete kalitatezko zerbitzu bat eman daitekeela baldintza horietan!
Doako. Hitz hau pentsiodunok sarritan darabilgu baina ez da zuzena. Izan ere lanean aritu garen 35-40-45 urte luzetan gure sariaren zati bat eman izan dugu orduko pentsiodunek pentsio duinak eta osasun zerbitzua izan zezaten. Eta kontratoa zen gu pentsiodun bilakatzean berdin egingo zela. Beraz gure oraingo zerbitzuak eta botikak lan egiten genuen garaian ordaindu genituen. Baina agintean daudenek gurekin hitz egin gabe kopagoa, eta beste gastu pilo bat jarri dute gure bizkar gainean. Maite dute demokrazia hau, gauzak horrela egin, beste erremediorik ez dagoela eta ezer gertatu ez balitz bezala jarraitzen dute-eta.
Guztientzat. Amaitzeko hori jarri beharra dago. Izan ere, gure artean zenbait politikok azkenaldian ereiten duten xenofobiaren atzean zerbitzu selektiboen aldarria dago. Pentsionistak Martxan taldekoen iritzian, gure artean bizi diren adineko jendeak osasun zerbitzu egoki bat izateko eskubidea du, oinarrizko eskubidea delako. Eta ez dezala inork demagogia bezala hartu: zerga bilketa zuzen bat eta gizartearen premien lehentasunak behar bezala kudeatuz gero, ez dago eskari horretan ezinezkorik. Egunen batean, halabeharrak bultzatuta atzerrira joan behar izanez gero, gutxienez nire osasunaren zaintza eskura izatea eskubide bat dela pentsatuko nuke.