Bizitzaren hainbat eremutan gertatu ohi diren indarkeria sexista mota guztiak eta, zehatz-mehatz, egunero emakumeek jasan behar duten indarkeria sinbolikoa identifikatzera eta horiek gaitzestera bultzatu nahi ditu Udalak bilbotarrak.
Azaroaren 12an World kafeak hainbat eremutako ehunka gizon eta emakume bildu zituen. Horrez gain, jarraibideak eman zituen, azaroaren 22an, larunbatean, Emakumeen Azaroaren 25eko plazak 15 artista gazteren sortze-lanak har ditzan. Obra horiek topaketaren gogoetak adieraziko dituzte artearen bidez, baita indarkeria sexistaren gaitzespena ere.
`Andre ta Jabe´ kanpainaren goiburuak adierazi bezala, Bilboko Udalak, Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Sailaren bidez, bilbotarrak bultzatu nahi ditu herritar guztien garapen eta ongizate osoak oztopatzen dituzten indarkeria motak identifikatzera. Indarkeria sinbolikoa antzematea, salatzea eta eraldatzea beharrezko oinarria da, indarkeria sexistarik ez duen berdintasunezko gizartea sortzeko.
Indarkeria mota hau salatzeko asmoz, Bilbo morez jantzi da berriro ere: hiribilduko eraikin garrantzitsuek –udaletxea, Arriaga antzokia, Deustuko Unibertsitatea, lila EHU eta Euskaltzaindia, besteak beste- Puntu Lila jarri dute beren fatxadetan. Barrutietako Udaltegiek, ikastetxeek, osasun zentroek, elkarteek eta bestelako udal espazioek ere Azaroaren 25eko irudia erakutsiko dute, beren gaitzespena adierazteko. Gaitzespena eta aldarrikapena azaroaren 25ean, asteartean, gauzatuko diren honako bi ekitaldi hauetan agertuko dira: Adierazpen Instituzionala irakurtzea Bilboko Udalean goizeko 10:00etan eta Mugimendu Feministak eta Emakumeenak arratsaldeko 19:30ean deitu duen ohiko manifestaldia.
Gizon eta Emakumeen arteko Berdintasunaren aldeko IV. Udal Plana
Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Sailak diseinatu duen Gizon eta Emakumeen arteko Berdintasunaren aldeko IV. Planak “gaitasunen ikuspegia” nabarmentzen du; horren arabera, emakumeen segurtasuna, autonomia ekonomikoa, ordezkaritza sozial eta politikoa, eta lan eta familia bizitzak uztartzea alde garrantzitsuenak dira, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeko.
Prebentzioa eta arreta
Prebentzioa
Bilboko Udalak uste du gazteen balioak eta jarrerak aldatzea genero-indarkeriarik gabeko gizartea eraikitzeko bidea dela. Alde horretatik, Udalak honako ekimen hauek garatzen ditu:
- Genero Indarkeria prebenitzeko eta berdintasuna sustatzeko tailerren programa: Bereziki Bilboko ikasleei zuzentzen zaie. Bere helburua desberdintasuna eragiten duten eta horri eusten dioten aldeekiko sentikor bihurraraztea eta maitasuna banakako eta taldeko osasunaren elementu positiboa, mendekotasunik sortzen ez duena, dela irakastea da. Helburu horri helduta, gazteek indarkeria egoerak ezagutu, identifikatu eta horien aurrean erreakzionatzeko behar diren estrategiak ematen ditu.
- 2013-2014 ikasturtean 21 ikastetxek, 108 ikasle taldek, eta, guztira, 14 eta 18 arteko 2.250 neska-mutilek parte hartu dute programa horretan.
- GeuBiok: Eskola-umeen arteko prebentzioaren eremuaren barnean, Bilboko Udalak Ge Geu biok! erasorik gabeko internet gunea (2013) webgunea dauka, sare sozial nagusietan ere agertzen dena. Bertan gazteek eta nerabeek parte hartzeko bidea aurkitzen dute, genero-indarkeria prebenitzeari begira, maitasunaz, amodio kontuez, ezkongai harremanez, berdintasunaz, sexualitateaz, indarkeriaz eta abarrez hitz egiten dutela.2013an webguneak 34.245 bisitari eta 92,58% bisita izan zituen; horietatik %92,58 berriak izan ziren. Horrek Geu Biok webguneak parte-hartze aktiboa sortzeko eta horretan sartzen diren neska-mutilak ahalduntzeko duen boterea erakusten du, haien zalantzak argituta aholku-sail birtual anonimoaren bidez.
- Prebentzio komunitarioaren eremuko Emakumea, Osasuna eta Indarkeria programa prebentzioaren euskarrietako beste bat da aspalditik, eta emakumeen sexu eta ugalketa osasunak hobetu eta genero-indarkeriako egoerak saihestu beharrean oinarritzen da. 17 herrialdetako 32 emakumek ahalduntzeko eragile jardun dute beren komunitateetan efektu biderkatzailearen bidez eta, horrela, 220 emakumerengana heltzea aurreikusi da. Hori guztia ahalduntzeko eragileen prestakuntzaren eskutik egin da. Horrez gain, “Emakumea, Osasuna eta Indarkeria” tailerrak 33 informazio eta sentsibilizazio saio abiarazi ditu 2014ko abendura arte, hau da, iaz baino hiru gehiago. Saio horiek mezua erabiltzaileei, profesionalei eta elkarte laguntzaileetako boluntarioei helaraztea ahalbidetzen dute. Gainera, 2014an lankidetza protokoloa garatu da, emakumeen genitalen mutilazioa gauzatzen duten herrialdeetatik datozen familien neska bilbotarren ablazioa prebenitzeko. Bilbo ESIk, Udal Osasunak, Hezkuntza Sailak, Gizarte Ekintzako foru eta udal sailek eta Auzolan moduluek protokolo horretan lagundu dute.
Sexu-erasoen aurkako kanpainak
Bilboko Udalak herritarrek emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako borrokan konpromisoa hartzea nahi du.Horren adibide dira proposatu diren ekimen guztiak, adibidez, bai Aste Nagusian bai Bilboko auzoetako jaietan –Santutxu, San Ignazio, Bilbo Zaharra, Uribarri, Zorrotza, Zaballa, Miribilla eta San Adrian eta San Frantzisko- sexu-erasoen aurka gauzatu diren kanpainak. Bilboko Konpartsak elkartearen eta merkatarien eta ostalarien elkarteen bidez, sexu-erasorik gabeko jaiak sustatu dira eta, horretarako, pertsonen arteko harremanek errespetuan oinarritu behar dutela bultzatu da.
2013-2014 ikasturtean Ibaiondo eta Deustu-Bidarte Udaltegietan eman diren autodefentsa feministako tailerrek 22 emakume izan dituzte partaide. Eremu publikoan emakumeen segurtasuna indartzeko ekimen horren helburua genero-indarkeriaren aurrean emakumeak ahalduntzea da.
Arreta
Genero Indarkeriaren aurkako udal protokoloaren helburu nagusia emakumeen bizimodu autonomoa eta indarkeriarik gabekoa eskuratzea da. Bertan Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Sailak, Gizarte Ekintzako Sailak eta Segurtasun Sailak lan egiten dute batera.
Udal sailen arteko lan koordinatuari esker, arreta eraginkorra eskaintzen da, Bilboko Udaleko zerbitzuetara doazen emakumeen beharrizan eta interesei erantzun berehalakoa, osoa eta espezializatua emateko gai dena. Koordinazio-sareak eratu dira, eta horiek 2011tik Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Sailak eta Gizarte Ekintzako Sailak batera genero-indarkeriako biktimen seme-alabei eskaintzen dieten arretan islatzen dira. Izan ere, aldi berean seme-alaba horiek zuzeneko biktimatzat jotzen dira.
Halaber, nabarmenak dira erakunde arteko lankidetza protokoloak, adibidez, Bilboko ertzain-etxearekin edo Bilbo-Basurtu ESIko Osasun Sailarekin sinatutakoak. Eta ez dira ahaztu behar beste elkarte batzuekin (hala ONCE nola Fekoor) sinatutako lankidetza hitzarmenak, hiribilduan dauden kasu guztietarako arreta pertsonalizatua eta berehalakoa bermatzen dutenak.
2014ko urtarriletik urrira bitartean Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuak 177 emakumeri eman die arreta; horietatik 105ek Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Sailera joan, eta bertan beren prozesuarekin jarraitzea erabaki dute.
Horrez gain, sail horrek berariazko gizarte arreta eman die 429 emakumeri, horietatik 220 lehenengo aldiz joan direla aurten. Sartzeko bide nagusia SMUS (Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzua) da, baina, horrekin batera, emakumeak beren ekimenaz zein Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek, Osakidetzak, Modulu psikosozialek eta beste erakunde batzuek bideratuta ere joan dira horretara.
Udal zerbitzuetara jotzen duten emakumeak askotarikoak dira, ez baitago biktima edo erasotzaile mota zehatzik. Denentzat berdina dena emakumeen eta gizonen egiturazko desberdintasun sistema da. Hori dela eta, beharrezkoa da biztanleria talde guzti-guztiei (emakume gazteetatik 65 urteko emakumeetara, estatistiketarako ikusezinak baitira) edo genero-indarkeriako kasuetako gainerako biktimei (adibidez, biktima diren emakumeen seme-alabak) laguntzea.
2014ko lehenengo hamar hiletan Udaleko harrera programak 14 kasu jaso ditu, guztira; horietatik 11 berriak ziren. Zerbitzua behar izan duten emakumeen ardurapean 12 adingabe eta beste heldu bat zeuden. Nabarmendu behar da erregistratzen diren kasuak nabarmen gutxitu direla 2012tik, 2012an 32 eta ekitaldi honetan 14 izan baitira, honako taula honek agertzen duen bezala: Sistemak beste emakume batzuen berehalako beharrizanetarako egokiagoak diren beste baliabide mota batzuetara bideratzea ahalbidetzen du, eta euskal sistemako beste baliabide eta zerbitzu batzuekiko koordinazioak harrera pisuetan eman beharreko denbora laburtzeko aukera ematen du.
Genero Indarkeriaren aurkako Arreta Osorako Zerbitzu Gutunak etengabeko hobekuntzako prozesuan egon den jauzi kualitatiboa agertzen du. Udal zerbitzuak eskaintzeko orduan dauden konpromisoari eta kalitateari eta erabiltzaileen eskubideen eta betebeharren babesari esker, programaren prestazio-maila onak berma daitezke, horietan sailen arteko koordinazioa funtsezkoa dela:
-SMUSrekiko koordinazioa: Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Saila egutegiko 4 egun igaro baino lehen (udal konpromisoaren arabera) jartzen da harremanetan larrialdi egoeran SMUSren arreta jaso duten emakumeen %99,3rekin.
-Aholkularitza juridikoa. 75 emakumek informazio kontsultak egin zituzten, eta %100i erantzun zitzaien.
-Arreta psikologikoa 120 emakume joan dira arreta psikologikoko programetara, eta horri buruz jaso diren eskaeren %100i erantzun zaie.
-Arreta irisgarri eta unibertsala. Desgaitasuna duten emakumeen %100a (5 guztira) Zerbitzuan artatuak izan dira baldintza- eta berdintasun-maila berean.
-Atzerriko edo Zeinuen hizkuntzako interpretazioa. Eskaeren %100ari erantzun zaio (40 guztira).
2013an egindako gogobetetze-inkestaren arabera, emakume erabiltzaileek zerbitzuari (jasotako tratua eta konfiantza zerbitzuan) 10etik 9,4ko balorazioa eman diote.