Indarkeria sexista, zapalkuntza patriarkalak beharrezko duen tresna bezala ikustarazi du borroka feministak. Gaur askorentzat, indarkeria, gizonezko batzuek emakume batzuen aurka egindako eraso isolatuaz baino haratagoko kontua da. Indarkeriaren iruditegia zabaldu zaigu. Gure buruak indarkeriaren atzaparretatik libre ikusten genituen emakumeon kontzientziak ere aldatu dira. Familia instituzioa mantentzea, sexuen arteko lanaren banaketa, erabakiguneetatik at egotea, kristalezko sabaiak e.a luzeak irudikatzen dute indarkeria. Baina, biktima papera hartzetik urrun, eta beti ere borroka feministak egindako lanari esker, errealitatearen ezagutza objektibo batek ematen duen irmotasunetik, borrokarako grina pizten zaigu.
Mundu sistema kapitalista, genero, klase, nazio eta naturaren esplotazioaz baliatzen da etekin metatze nahiean. Helburu horretan sektore publikoaren aliantza funtsezkoa da. Bien elkarlan horretan ideologia eta errepresioa oinarrizko tresna garrantzitsuak dira langile klasearen alienazioa ahalbideratzeko. Ezin ahaztu kapitalismoak ideologia patriarkala duela bere baitan eta hortaz emakumeok esplotazio bikoitza pairatzen dugula sistema kapitalistaren ofentsiba kupidagabe honetan, genero eta klase esplotazioa alegia. Euskal Herrian genero aliantza bat ere egiten ari da. Kapitalari, pobrezia funtsezko zaio eta lege kolpez prekarizatutako gure jendarte honetan, pobrezian bizi den gizon batengaitik 5 emakume bizi gara pobrezian, baserritarren artean bereziki larria delarik egoera. Hau da indarkeria! Genero zapalkuntza honetaz baliatzen den langile klaseko gizonak, bere klaseko emakumeekin bat egin beharrean bere generoarekin egiten du aliantza, genero horren kideak klase ikuspegi batetik bere etsaiak badira ere.
Independentzia ekonomiko barik askatasuna eta independentzia pertsonala hitz hutsak baino ez dira eta. Izan soldata baxuagoak ditugula; izan lan prekarioagoak ditugula; izan feminizatutako sektoreak egokitzen zaizkigula; izan genero ikuspegirik gabeko aurrekontuak onartzen direla; izan emakumeak garela pentsio ez kontributiboak jasotzen ditugunak; izan zerbitzu sozialak eta publikoen murrizketetatik etortzen diren lanak gure gain erortzen direla; izan kristalezko sabaia; oinarrrizko eskubide sozialak ukatzen zaizkigu, emakumeok sortutako aberastasun ez kontabilizatua eta ez ordainduaz jabetzen diren bitartean. Zer esanik ez merkantzia bezala erabiltzen ditugun langile klaseko emakume migranteen kolektiboaz, sexu lanak eta zainketak egiten, krisitik era erraz batean ateratzeko erabiltzen ditugunak eta egun hain kriminalizatuak daudenak. Sistemaren oinarria emakumeon esplotazioa izaten jarraitu bitartean, guganako indarkeria nahitaezkoa izango da esplotazio hori, gugan indarkeria erabiltzeko gonbidapena baita.
Euskal Herrian lan eta bizi garen emakumeok, genero, nazio eta klase zapalkuntzak jasaten ditugu gainera. Hortaz argi dugu Euskal Herrian bizi garenon burujabetzaren bidean, emakumeon zapalkuntza ororen aurka lanean diharduten emakumeen lana ezinbestekoa izan eta izango dela. Hona gure aportazioa: Prekarietate eta pobrezia egoerekin bukatzea dugu helburu, eskubide sozialen defentsaren bitartez eta lanaren eta aberastasunaren banaketaren bitartez jendartearen eraldaketa bultzatuz. Ezarritako egoera zalantzan jarri behar dugu, kapitalismoa gaindituko duen jendarte berri bat irudikatuz.
Azken finean urratsak ematen joatea lege-kolpez prekarizatutako jendartea izatetik esplotatutako pertsonarik izango ez den batetara, genero arteko berdintasun harremanetan oinarrituko dena, beste herrialdeekiko elkartasun harreman internazionalistak izango dituena, eta datozen belaunaldien etorkizuna hipotekatuko ez duena. Bitartean bidailagun gaituzue!
Gora Borroka Femnisita!
Patrizia Muñoz eta Iker Aroztegi Elkartzeneko kideak.