Berdintasun handiagoko Bilbo baten alde egiteko konpromisoa berretsi du Udalak

uriola.eus 2014ko aza. 25a, 11:53

Ibon Areso Bilboko Alkateak eta Udal Gobernuko ordezkariek, elkarretaratzea egin dute udaletxeko eskaileretan Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean. Aurten, Rafa Perezek, Piper Txuriak Berdintasunaren aldeko gizonen taldeko kideak, eta Leire Arregik, EHUko Arte Ederretako ikasleak, irakurri dute manifestu instituzionala.

Gaur, azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Udaleko ordezkariek elkarretaratzea egin dute indarkeria sexistaren "adierazpide guzti-guztiak gaitzesteko". Aurten ere, adierazpen instituzionala irakurri dute eta Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Hiritartasun Saileko Zinegotzi den Oihane Agirregoitiak azaldu du, "oso mezu positiboa" daukala "hainbat esparruetako lagunen ekarpenekin eraiki delako".

Leire Arregik eta Rafa Perezek irakurri dute aurtengo mezua eta azaldu dutenez, oraindik ere, "emakumeen aurkako indarkeria da giza eskubideak urratzeko modurik ohikoena, emakumeen eta gizonen artean dagoen egiturazko desberdintasunaren ondorioz; desberdintasun horrek eragina baitu bizimodu pribatuan zein publikoan eta sozialean".

Aurten, emakumeen bizimoduan eragin itzela izan arren, inor konturatu gabe igarotzen diren eta ezkutatzen diren indarkeria-motei "arreta berezia eskaintzea" eskatu dute, baita gizartearen barruan normalizatuta eta, are gehiago, gutxietsita dauden indarkeria-motei ere.

Salatu dutenez, "lan-arloa, kirolak, partaidetza soziala eta politikoa, komunikabideak, hezkuntza eta aisia, artea eta kultura...ez dira inondik ere neutralak, sexu-genero sisteman eta lana sexuaren arabera banatzean oinarritutako garapen eredua adierazten baitute".

Horrelako ondorioak, `Andre eta Jabe´ kanpainaren baitan atera zirela mahaigaineratu dute eta beraz, "zuzeneko indarkeriaren aurka ez ezik, eguneroko bizimoduan gertatzen den ezkutuko indarkeriaren aurka ere egiteko" eskatu diete herritarrei.

Gehitu dute ere, aldaketarako estrategiek eragina izan behar dutela plano handian eta txikian, eta gizonen eta emakumeen inplikazioa eskatuko dutela. Bestalde, erakundeek, nork bere eskumenen eremuan eta berdintasunaren arloko indarreko legeria betez, aukera-berdintasuna eta horretara benetan iristeko behar diren baldintzak sortu behar dituztela azaldu dute, "gizarte bidezkoagoa eraikitzen laguntze aldera, gizonen eta emakumeen garapen indibiduala eta kolektiboa modu berean sustatzeko eta bideratzeko".

Guzti honen aurrean, Arregi eta Perezek Udalak hartutako konpromisoen berri eman dute. Udalak, berdintasunaren aldeko eta indarkeria sexistaren aurkako udal politika aktibo, integral eta koordinatua garatuko ditu; emakumeek hainbat eremutan egindako ekarpenak eta lana, eta lortutako arrakasta eta lorpenak zabaltzeko, onarpena emateko eta ezagutarazteko bideak hartuko ditu; berdintasunezko partaidetza- eta garapen-ereduak bultzatzeko erronak hartu du; hezkuntzaren arlotik jarduteko, gazteen arteko indarkeria matxistaren arloko sentsibilizazioa eta prebentzioa lantzeko tresna moduan Beldur Barik programako edukiak garatuko ditu; eta, oro har, berdintasun handiagoko Bilboren alde egiteko bere eskumeneko eremu publiko guztietan jarduteko konpromisoa hartu du.

Bukatzeko, mugimendu feministak eta emakumeen elkarteek berdintasunezko eta indarkeria sexistarik gabeko gizartea eraikitzeko egin duten lana "aitortu" dute eta gaurko egunean deitu diren ekitaldietan modu aktiboan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.