Elikagaien Bankuaren elikagaien bilketa kanpaina handia gaur eta bihar, azaroak 28 eta 29, izango da, eta partaidetzaren zein bildutako elikagaien aldetik iazko marka gainditzea da helburua; batutako elikagaiak krisi ekonomikoak gogorren astindu dituen pertsonen artean banatuko dira.
Hirugarren aldia da aurtengoa; guztira Bilboko eta Bizkaiko 151 supermerkatu eta merkataritza zentro handitan egingo da, 3.000 pertsona boluntario arituko dira lanean, bezeroak animatuko dituztenak beren-beregi jakiak jasotzeko edukiontzietan elikagai ez galkorrak uztera.
Iazko edizioan Fito Cabrales kantaria izan zen babeslea eta guztira, 550 tona janari batu zen, 2012ko lehenengo edizioan lortutakoaren bikoitza baino gehiago. Aurten, Bizkaiko Elikagaien Bankuak 700 tona biltzeko asmoa dauka, eta horretan laguntzeko, kanpainaren irudia Ana Urrutia ETBko `Eguraldia´ saioaren aurkezle ezaguna izango da.
Iaz, Bizkaiko Elikagaien Bankuak 3.511 tona janari banatu zituen, galkorrak eta galkorrak ez direnak, 2012an baino %13 gehiago. Banatutako elikagaien merkatuko balioa 6,5 milioi euro ingurukoa izan zen.
Bizkaiko Elikagaien Bankua dirurik irabazteko asmorik gabeko erakundea, boluntarioek osatutakoa, da; gehienbat erretirodunak edo erretiro-aurreko garaian daude, eta euren denbora eta trebetasuna eginkizun altruista bat egiteko eskaintzen dute. Leialtasun Fundazioak gestiorako ezarritako gardentasunaren oinarriak eta praktika onak betetzen ditu.
Bizkaiko Elikagaien Bankuak banatzen dituen elikagai gehienak Mercabilbaotik eta elikagaien industrietatik, merkataritzako zentro handietatik, nekazaritzako kooperatibetatik eta elikagaien kateetatik datoz. Era berean, ikastetxeetan eta enpresetan egiten diren kanpainetan eta norbanakoek ematen dutenetik eta erakundeen laguntzetatik ere lortzen dira elikagaiak.
Onuradunak, ordea, hauek dira, besteak beste: gizarte jantokiak, zahar etxeak, harrera-zentroak eta desgaitasunen bat dutenei laguntzeko erakundeak, etorkinak, drogazaleak, HIESa duten gaixoak, umeak, baita gizarte egoera ahulean dauden norbanakoak ere.
Laguntza hori Bilbo eta Bizkaiko 32.000 pertsonengana iristen da eta bildutako elikagaiak dohainik eta modu solidarioan banatzeko, Elikagaien Bankuak legez onartutako ongintzako 250 erakunderen lankidetza dauka.