‘Hileko dokumentala’, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, urte osoan bere programazioari jarraipena emateko antolatu duen estreinaldien zikloak, Rafael Molesek eta Pepe Andreuk zuzendutako Five days to dance (Espainia 2014, 77 min.) filma eskainiko du gaur, azaroak 27. Filmak sariak jaso ditu DocsBarcelonaren azken edizioan, Zinemaldian eta DocsDF-Mexikon.
Saioa Multicine aretoan (Jose Maria Escuza, 13) izango da, 20:00etan. Proiekzioa amaitzean solasaldia egongo da dokumentala aurkeztuko duen Patricia Velert filmaren ekoizlearekin. Sarrerak 3,70 euro balioko du.
Five days to dance lanak, dantzari bikote batek institutu bateko ikasgela batean bizi izandako istorioa kontatzen du. Astelehena da, eta nerabe talde bati, eszenatoki batera igotzeko eta dantza egiteko bost egun dituela adierazten diote. Astebete gauzak aldatzeko. Epe txikia, baina erronka handia.
Dantzak euren rolak apurtzera behartzen ditu gazte horiek, euren bizitzetako rol sozialak finkatzen ari diren unean bertan. Liderra ez da jada izango miresmen gehien sortuko duena, eta beti isilik egoten den horrek pauso bat emango du aurrera. Dantza egiteak elkar ukitzera eta komunikatzera behartzen ditu, baten bat azken unera arte liberatuko ez den arren. Wilfried Van Poppel holandarra eta Amaya Lubeigt euskalduna dira esperientziaren koreografoak eta bultzatzaileak.
Lanaren helburua, dantzaren bitartez harremanetarako gune berria sustatzea, errespetua eta topaketa bezalako balioak lortzea, eta eraikuntza eta sorkuntza elkarren arteko prozesu gisa ulertzea da. Five days to dance, Suica Films enpresa valentziarraren eta Rec Grabaketa euskal ekoizpen etxearen arteko ekoizpen lana da. Donostia eta Alemanian dagoen Bremen hirien artean errodatu da.
Zuzendariei dagokienez, Rafael Moles kazetari eta gidoilaria da, eta telebistarako 18 dokumental egin ditu. Pepe Andreu Ibarra Informazioaren Zientzietan eta Ikusmen eta Entzumen Irudietan lizentziatua da. 15 urteko esperientzia du telebistako ekoizle, dokumental zuzendari eta albistegietako erreportari gisa.
ZINEBIk Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak jarraipena emango dio urte osoko programazioari ‘Hileko dokumentala’ deritzon zikloaren bidez. Ekimen horren bitartez, generoaren zaletuek, nazioarteko beste jaialdi batzuetan sariak lortu dituzten edo aukeratuak izan diren arren, merkataritza zirkuituan ia banaketarik lortu ez duten lanez gozatzeko aukera izaten dute. Horrela, Parallel40 banaketa-etxearen eskutik, Multicine aretoek (Jose Maria Escuza, 13), zientziari, ekonomiari edo gizarteari buruzko erabateko gaurkotasuna duten gaiak lantzen dituzten dokumentalak estreinatzen dituzte.