Arriaga Antzokiak oso musika eta lirika emanaldi berezia jasoko du bihar. Protagonista, beste batzuetan ere eszenatoki honetan arrakasta lortu duen Carlos Mena kontra-tenore gasteiztar bikaina izango da, eta berarekin batera Mensa Harmonica musika tresna taldea arituko da, XVII. eta XVIII. mendeetako kamera errepertorioa jotzen duen talde aldakorra. Talde horren jakin-min nagusietakoa argitaratu gabeko, ahaztutako edo gutxi ezagututako materialaren bilaketa da.
Arratsaldeko 20:00etan hasiko den kontzertu horretarako aukeratu den egitarauak, Barbara de Braganzatik Farinellira arteko musika ondorengotza jaso nahi du. Horretarako, Carlos Mena & Mensa Harmonicak XVII. eta XVIII. mendeetako zenbait egileren ariak eta kantatak interpretatuko dituzte. Egile horien artean Domenico Sarro, Leonardo Vinci, Domenico Scarlatti edo Charles Avison daude, besteak beste. Hori dela eta, emanaldian musika barrokoa izango da nagusi. Dena den, Carlos Menak musikarako dituen koalitateek, bere moldakortasunarekin eta kamerarako joerarekin batera, oso errepertorio zabalari eta sarritan ausartari ekiteko aukera ematen diote.
Izan ere, Basileako (Suitza) Schola Cantorum Basiliensis izenekoan, Richard Levitt eta Rene Jacobs irakasleekin ikasi zuen Carlos Menak, kontzertu asko eta asko eskaintzen ditu. Bere kalitatea dela eta, lehen mailako aretoetan aritu da: Vienako Konzerthaus, Buenos Aireseko Teatro Colón, New Yorkeko Lincoln Centre for the Performing Arts-eko Metropolitan Opera Houseko Alice Tully, Washingtongo Kennedy Center, Tokioko Suntory Hall eta Opera City Hall, Osakako Symphony Hall, Melbourneko Sydney Opera House, Concert Hall, Berliner Philarmonie, etab.
Carlos Menaren ahotsarekin batera Mensa Harmonica taldea arituko da Arriaga Antzokiko eszenatokian. Talde aldakor hori musikari hauek osatuko dute emanaldi honetarako: Andoni Mercero eta Alexis Aguado (biolinak), Kepa Artetxe (biola), Xisco Aguilo (ganba biolonea) eta Sara Erro (kontinuoa). Guztiak ere, ospe handiko taldeekin aritzen diren musika jotzaile handiak dira: Al Ayre Español, Real Cámara, Orquesta Barroca de Sevilla, Le Concert des Nations edo Orquesta del S. XVIII, besteak beste. Sarritan aritzen dira Europako jaialdi eta eszenatoki nagusietan, eta disko etxe garrantzitsuetarako grabazio lanak egiten dituzte: Alia Vox, Harmonia Mundi, Mirare, etab.
Ikuskizunerako sarrerak 9,5 eta 32 euro artean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.