Autodeterminazioaren aurrean sindikatuen eginkizunak aztertuko dituzte LAB, ELA eta STEE-EILASek

uriola.eus 2014ko aza. 26a, 09:38

Gaur, arratsaldeko 19:00etan, mahai ingurua egongo da Alhondegiko Bastida aretoan, Euskal Herriaren autodeterminazioari eta erabakitzeko eskubidea gauzatzeari dagokienez sindikatu abertzaleek izan beharreko eginkizunak aztertzeko.

Alkartasuna Fundazioko Ikasketen arduradun Edurne Gumuzio andreak koordinatuko eta moderatuko du mahai-ingurua eta ELAko Prestakuntzako arduradun eta Robles Arangiz Fundazioko presidente Xabi Anza jaunak, LABeko prestakuntzako idazkari eta Ipar Hegoa Fundazioko kide Jagoba Zulueta jaunak, eta STEE-EILASeko ordezkari Ana Perez andreak parte hartuko dute bertan.

Hitzorduan autodeterminazio eta erabakitzeko eskubidearen inguruan sindikatuen eragina aztertuko dute; baita, Euskal Herriak gizarte-eskubideak bermatuko dituen berezko eredu sozioekonomiko berria izan dezan eman beharreko urratsak ere.