Indarkeria sexista "lehen lerroko arazo politikoa" dela salatu dute ehunka lagunek

uriola.eus 2014ko aza. 26a, 10:54

Jendetza bildu zen atzo arratsaldean Arriagako plazan, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguneko manifestazioan parte hartzeko. "Hitz gutxiago, ekintza gehiago" lelopean, Bilboko kaleak zeharkatu zituzten indarkeria sexista gaitzesteko. 

Bizkaiko Koordinadora Feministak deitutako martxa 19:30ean abiatu zen Arriagako plazatik. Pankarta ezberdinak bazeuden ere, lelo nagusia "Hitz gutxiago, ekintza gehiago" izan zen. Manifestazioaren buruan hainbat emakumek argi zuziak eraman zituzten eta jarraian ehunka emakume eta gizon bildu ziren.

Urtero legez, manifestazio jendetsu eta animatua izan zen, Mamikiko batukadari esker; eta Plaza Eliptikora joan eta Arriagara bueltatu bitartean, "Erasorik ez erantzunik gabe"; "Kaleak eta gauak gureak dira"; edota "erasotzaileei hortzak erakutsi" bezalako oihuak nagusitu ziren.

Bukaeran, baliabideak eskatu zituzten indarkeria sexistarekin bukatzeko eta gogora ekarri zuten, hau "lehen lerroko arazo politikoa dela". Egoera honen aurrean, argi utzi zuten ez direla "geldirik geratuko"; aldaketak proposatzen jarraituko dutela; baita emakumeen antolaketa eta autodefentsa feminista aldarrikatzen ere. 

 

Argazkiak: Ecuador Etxea