Datu bilketa egin ostean, dotore josi du Amurizak lerroz lerro Mañukorta bertsonajearen bizitza, sei ataleko liburuan. Formato nagusia elkarrizketak dira, non protagonistaren pentsatzeko era bitxia eta iritziak agertzen diren, bertsolaritzaz eta beste gai guztiez.
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak konpromisoa dauka Bizkaiko bertsogintzan dihardutenen biografiak jaso eta jendartean zabaltzeko. Horregatik, aurtengoan, Bizkaian berezia izan den Gregorio Larrañaga Mañukorta aukeratu du bere bizitza plazara ateratzeko, Bizkaiko bertsogintzari eskainitako beharrarengatik eta Euskal Herri osoko plazetan emandakogatik.
Behar horren arduradun, Bizkaiko bertsogintzaren bizkarrezurra den Xabier Amuriza izan da. Garai bertsukoak biak ala biak, eta plaza asko elkarrekin egindakoak. Sorpresaz betetako orrialdeak, beraz.
Liburuaren diseinua Lanku S.L. k egin du eta 15 euroren truke eskuratu daiteke Durangoko Azokan, ohiko liburudendetan, eta www.lanku.com orrialdean.
Liburuaren hitzaurreko zatia
<<Newtonen grabitazio legeak unibertsoaren ariera argitasun handi eta zehatzera ekarri zuen. Paralelismoa Mañukortaren izatera ekarririk, honen unibertso mentala, emozionala eta jardunezkoa hain zehatza eta koherentea da, ezen beldur gabe konpara daiteke unibertso fisikoaren sistemagaz. Bere buruagan konfiantza handiagorik daukanik nekez aurkituko duzu inon. Bertsoaz ez ezik, edozertaz emango dizu iritzi segurua, “aditua”, bizi guztia horixe estudiatzen eman balu lez. “Bizimodua” bera ere zehaztasun berdinez kalkulatu eta eratu du. Zelan lortu du gure “bertsonajeak” edonon seguru ibiltzeko nortasun hori, ustez edo teorikoki, behintzat, bere orbitatik hain ezberdin ziren mundu-mota guztietan? Zelan lortu du bizimodua ere hala eroatea non sinetsi beharra duzun, dioenean: Ni txarto bizi banitze, kulpie neurie litzatekek? Newtonen barkamenez, azken esaldi horrek areago ebokatzen du Leibnitzen optimismoa, zeinak baiezten zuen mundu hau dela “mundu posibleetatik onena”. Mañukorta seguru dago berari mundurik onena egokitu zaiola. Eta munduko lekurik onena. Horrelako burumolde batek nolako ideiak dauzkan eta nola arrazoitzen dituen entzuteak esperientzia berdingabea izan behar du.>>