Zaurgarritasun egoeran dauden umeentzako jostailu bilketa abiatu du Bizkaiko Gurutze Gorriak

uriola.eus 2014ko aza. 27a, 12:00

Kanpaina honetako jostailuak biltzeko puntuak Erriberako Merkatua, Megaparkeko Toysrus denda, Corte Inglesa, Ballonti Merkataritza Gunea eta Bilbon dagoen Erakundearen Boluntarioen bulegoa dira. Guztietan bolondresak egongo dira material bilketarako.

Bizkaiko Gurutze Gorriak, datozen gabonetara begira jostailuak biltzeko “Ez da jostailuengatik: Zure elkartasuna, euren eskubideak” kanpaina abiatuko du. Kultura eta kirol alorretako aurpegi ezagunen laguntza duen ekimen horren helburua, jolastea umeen funtsezko eskubide gisa aitortzea eta txikienengan eragiten dituen onurak ezagutaraztea da. Aurpegi ezagun horien artean Toti Martinez de Lecea idazlea, Juanjo San Sebastian mendizalea edo Doctor Deseo taldeko Francis Diez abeslaria daude.

Jasotzen diren jostailuak, euren egoera ekonomikoa dela eta, seme-alabei datozen gabonetan oparirik erosi ezin dieten familiei emango zaizkie. Aurreko edizioan, saltokietako bezeroek egindako ekarpenak jaso; eta jostailuak aukeratu eta adinen arabera antolatu zituzten Bizkaiko Gurutze Gorriko 110 bolondresek. Horrela, 401 familiatako 751 umek jostailu berriak, ez sexistak eta ez belikoak jaso zituzten.

Biltzeko puntuak eta egunak

Biltzeko puntuek, erakundearen oinarrizko zutabe diren boluntarioen arreta izango dute. Bilboko Udalak, Osasun eta Kontsumo Sailaren bitartez, bat egin du kanpaina honekin. Izan ere, biltzeko puntuetako bat Erriberako Merkatua izango da. Datozen azaroaren 28an eta 29an eta abenduaren 12an, Erriberako Merkatuak lekua utziko du bere instalazioetan, jostailuak biltzeko edukiontzi bi jartzeko, goizeko 10:00etatik 14:00etara. Jostailuak biltzeko beste puntuak hauek izango dira: Megaparkeko Toysrus, abenduaren 12-13, 19-20 eta 26-27 asteburuetan; Corte Inglesaren ondoan, abenduaren 12an eta 13an; Ballontiko merkataritza gunea; eta Bilboko Jose María Olabarri kaleko 6an dagoen Bizkaiko Gurutze Gorriaren Boluntarioen Bulegoa.

Jasoko direnak jostailua berriak izango dira, izan ere, jostailuen segurtasunari buruzko araudi europarrak produktuaren kalitatea bermatu ahal izatea eskatzen baitu, eta hori ezin daitekeelako bermatu jada erabilita dauden jostailuen kasuan. Beste alde batetik, Bizkaiko Gurutze Gorriaren ustez, ume guztiek jostailu berria merezi dute, bereizketa barik, duintasun eta desio berberekin.

Jolastuz bizi, biziz jolastu

Haurren Eskubideei buruzko Adierazpen Unibertsalak (1959ko azaroaren 20koak), jolasa funtsezko eskubidea dela onartzen du, jolasteak, umeen hazkunde eta garapen osasuntsuan eragina duten egoeretara heltzeko aukera ematen baitu. Jolastea, gauzak aurkitzeko, eskuz erabiltzeko eta mundua behatzeko eta interpretatzeko tresna bilakatzen da txikitatik eta, horrez gain, oso baliagarria da besteekin erlazionatzeko eta komunikatzeko. Umeak jolastuz bizi dira eta biziz jolasten dira. Jolasa eta jostailua ez dira saria edo zigorra izan behar, garapen osasuntsua eta orekatua bideratuko duten tresnak baizik.

'Orain inoiz baino +': 5.572 prestazio zaurgarritasun egoeran dauden familientzat

Jostailu Berria biltzeko Kanpaina, egungo krisi ekonomikoaren ondorioz egoera larrian dauden pertsonei laguntza emateko 'Orain inoiz baino +' deialdiaren barruan sartzen den ekimena da. Deialdi horren bitartez, gizarte egoera larrian zeuden pertsonekin aurretik ere aurrera eramaten zen gizarte arreta indartu nahi da. Horrela, deialdiaren helburua, Gurutze Gorriak zaurgarritasun egoera larrian dauden taldeei eskaintzen dien arreta handitzea da, kide guztiak langabezian dituzten familiak, adibidez; etxe behartsuetan bizi diren umeak; familia ardurak edo kargak dituzten pertsona nagusiak; denbora luzez langabezian dauden pertsonak; etxerik gabeko pertsonak; edo langabezian dauden gazteak.

Krisiari aurre egiteko esku-hartze zuzen horien bitartez, Bizkaiko Gurutze Gorriak 5.572 prestazio eskaini dizkie urtarrilaren 1etik urrira bitartean Bizkaian zaurgarritasun egoeran dauden familiei. Prestazio horien artean, 0 eta 6 hilabete arteko eta 6 eta 18 hilabete arteko umeentzako higiene eta elikadura loteak, familientzako eta etxerako higiene loteak, arropak, familientzako elikagaiak, etxebizitzarako laguntzak edo hornidurak daude. Bilboko hirian, 1.868 familiari eman zaie oinarrizko laguntza urteko lehenengo 10 hilabeteetan.

Bizkaiko Gurutze Gorritik eta Gazteriaren Gurutze Gorritik eskertu egin nahi dira Jostailu Berria Biltzeko Kanpainan parte hartu duten pertsonek eta erakunde laguntzaile guztiek erakutsi dituzten partaidetza eta elkartasuna.