Bertso-saio bi mahai inguruan

uriola.eus 2014ko aza. 28a, 08:45

Zorrotzan gaur eta Uribarri bihar bertso-saio bana antolatu dute auzoko elkarteek jan-edan giroan. Bi aukera bikain dira lagun artean bertsoak entzuteko.

 

Zorrotzan

Gaur, azaroak 28 ostirala, bertso afaria prestatu dute Euskararen eguna ospatzeko. Bertan, Oihana Bartra eta Ibon Ajuria bertsotan ikusteko aukera izango dugu.

Hitzordua La Viña de Oro tabernan izango eta aurretik, 20:00etan poteoa egongo da Askabide Tabernatik hasita.

20 euro ordaindu beharko dira. Hasteko, nekorak, labanak plantxan, muskuiluak saltsan, antzoak pikilo piperrez beteak eta txanpinoiak lapikoak egongo dira; ondoren, bakailoa Bizkaitar erara; eta bukatzeko, entrekota.

 

Urribarrin

Auzoz auzo, tantaz tanta, bilbotarrok gure hiria euskalduntzearen prozesuan gabiltza. Eta lan horretan jo ta ke ditugu gure Tanttakako lagunak, 10 urtez Uribarri euskalduntzen dabil euskara talde hau. Oraingoan, eta Uribarriko jaietan euskara eguna antolatu eta gero, urteroko bertsobazkaria proposatzen digute azaroaren 29an.

Aurten antolatu dutena bertsobazkari musikatua izango da. Alaia Martin, Arkaitz Oiarzabal Xamoa eta Jokin Labayen izango dira bertsolariak eta giro ona zihurtatuta dago. Bazkaria eguerdiko 15:00etan hasiko da, Uribarriko Artxandape Ikastolan, hauek ere urtero bezala Tanttakak bultzatzen dituen ekimenetan laguntzen.

Apur bat lehenago hurbiltzen zaretenok, 13:30 aldera Uribarri kaleko “Endika” tabernan hasiko den trikipoteoan parte har dezakezue, guztion artean giroa berotzen joateko.