Bilboko Udalak antolatzen dauen sariketeari etekin handia atara deutso Miarritzen jaiotako idazle eta kazetari bizkaitarrak. Izan be, euskerazko ipuinen saria eta akzesita irabazi ditu. Gaztelaniazko saria, Francisco Javier Perez Fernandezentzat izan da aurten. Nicolas Mattera, Matias Candeira eta Laida Martinezek akzesit bana lortu dabe, Goienetxeagaz batera. 2014ko Gabriel Aresti ipuin lehiaketako sari banaketa ekitaldia, Bilboko udaletxeko areto arabiarrean egin dabe. Ibon Areso alkateak emon deutse saria irabazleei.
Ekaitz Goienetxeak Olatuak hausten diren lekua lanagaz lortu dau euskerazko sari nagusia. Fernando Morillo idazle eta epaimahaiburuak azaldu dauenez, epaimahaiko kideak hunkitu egin gaitu errelatoak, ganera bizkaiera erreal eta bizian kontauta dago. Gaztelaniazko sari nagusia Zamorako idazle batek irabazi dau, Francisco Javier Perez Fernandezek, Que no se entere Freud idazlanagaz. Komunidade itxi baten kanpotar baten etorrereak sortarazoten dituan erreakzinoak aztertu ditu ipuinean.
Irabazle bakotxak 3.500 euroko saria poltsikoratu dau. 1.750 euroko lau akzesit be banatu ditue eta, Gabriel Aresti sarien historian lehenengo aldiz, sari nagusia irabazitako idazle bati emon deutsie akzesitetako bat. Ekaitz Goienetxeak, Zorionak errelatuagaz eskuratu dau euskerazko akzesita. Euskerazko bestea, Laida Martinezek irabazi dau, Zapata berriak ipuinagaz. Gaztelaniazko akzesitak, Argentinako Nicolas Matterak eta Madrileko Matias Candeira de Andresentzat izan dira.
Aurtengo Gabriel Aresti ipuin lehiaketan, 578 lan aurkeztu dira. Ibon Areso alkateak azpimarratu dau, atzerritik gero eta ipuin gehiago jasoten dituela. Euskerazko lanei jagokenez, aurten 39 jaso ditue, ganerakoak gaztelaniazko atalera joan dira. Fernando Morillok adierazo dau, euskerazko ipuinetan erregistro eta melodia ugari topau dituela eta gustura irakurri dituela epaimahaikideek. Idazleek egindako apustu arriskatua goraipatu dabe, estilo originala topetako asmoz.
2015ean, 40 urte beteko dira Gabriel Aresti idazlea hil zala. Bilboko Udalak, dagoeneko, 31 aldiz antolatu dau haren izena daroan sariketea. Ibon Areso alkateak nabarmendu dauenez, Gabriel Aresti bilbotar peto-petoa zan, eta euskalduna, berak uste eban, euskerearen etorkizuna Bilbogaz lotuta egoala. Euskera batuaren bultzatzaile eta desbardintasun sozialen salatzaile, literaturan arrastoa itxi eban, 40 urte geroago, Arestiren itzala luzea da. Arestiren sasoiko idazleek egindako lanari esker, euskal literatureak gorako bidea hartu ebala aitatu dau Aresok: Harrezkero euskal idazle asko, eta onak, sortu dira, esaterako, gaur saritu doguzanak. Gaztelaniazko sarituentzat be berba onak euki ditu Aresok: Argentina, Madril edo Zamoratik etorrita be, gaurtik aurrera bilbotar bihurtu zarie, esan deutse.