Pascual Vilaplanak eta Bilboko Musika Bandak 'Puccinirekin egun bat' igarotzera gonbidatu dituzte bilbotarrak

uriola.eus 2014ko aza. 28a, 08:40

Ikuskizuna igandean izango da, azaroak 30, 12:00etan, Euskalduna jauregiko Auditorioan. Programak Italiako musikagile bikainak osatutako operarik onenen aukeraketa bat eskainiko du.

Giacomo Pucciniren konposiziorik onenak Euskalduna Jauregiaz jabetuko dira igandean, azaroak 30, Bilboko Musika Bandaren eskutik. Jose Rafael Pascual-Vilaplanaren batutapean, Bandak 'Puccinirekin egun bat' izenburuko kontzertua eskainiko du 12:00etatik aurrera, Euskalduna Jauregiko Auditorioan. Sarrera 2 eurotan eskuratu daiteke eta jauregiko txarteldegian jaso kontzertuaren egunera arte, BBK-ko kutxazainetan eta www.euskalduna.net webgunean.

Musika-banden zuzendaritza, irakasle ezaguna, konpositorea buruz eta mundu osoko taldeetako ohiko zuzendari gonbidatua den Jose Rafael Pascual-Vilaplana zuzendaria jarriko da Bilboko Udalaren Musika Banda zuzentzen. Aurtengo udazkeneko denboraldian Bandaren zuzendari gonbidatu gisa eskainiko duen bigarren emanaldi honetarako, Pascual-Vilaplanak Giacomo Puccini (1858-1924) musikagile italiar bikaina ardatz duen programa erakargarria osatu du. Musikari eklesiastikoen familia bateko kidea izanik, Verdi eta Wagner-en ondorengotzat jotzen da Alemaniako nahiz Italiako opera-teknikez egiten zuen erabilera bikainagatik. Historiako operagilerik ospetsuenetakoa da, eta La Bohème, Turandot, Madame Butterfly eta Tosca bezalako lan gogoangarrien autorea. Estilo adierazkor eta inguratzaileko musika landu zuen, inor axolagabe ez uzteko modukoa, eta operaren geroko bilakaerari egindako ekarpen horri, lan sinfonikoen ekoizpen zabala gaineratu behar zaio.

Igandeko programa, Puccinik konposatu zuen Le Villi (Les Willis) izenburuko lehenengo operako La Tregenda doinuaz abiatuko da. Bandak eskainiko duen bigarren pieza, Puccinik 1889an, Milango Teatro Alla Scala delakoan estreinatu zuen Edgar deritzon bigarren operako suite sinfonikoa izango da. Kontzertuaren lehen zatia amaitzeko, La Fanciulla del West operako suite eder-ederraz gozatzeko aukera izango da. Bigarren zatian, publikoak Manon Lescaut operako hirugarren ekinaldiko interludioa izango du entzungai, Jordi Ripoll irakasle eta Bilboko Bandako kideak egokituta. Turandot opera ezaguneko suite sinfonikoak amaiera bikaina emango dio kontzertu honi. Pucciniren heriotzagatik bukatu gabe geratu zen opera hau, Alfanok osatu eta 1926ko apirilaren 25ean estreinatu zen Milango Teatro alla Scala-n, Arturo Toscanini-ren batutapean.