Juan Mari Iraolagoitia: 'Oztopoak gogorrak ziran, baina gure ilusinoa handiagoa'

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko abe. 1a, 07:50

Lehenengo irratsaioa Bizkaian euskeraz egin eben profesionalei emongo deutsie aurten Bizkaiko Foru Aldundiak aurtengo Lauaxeta Ohorezko Saria, hain zuzen be, Juan Mari Iraolagoitia, Inmaculada Gallastegi, Adolfo Arejita, Angel Mari Unzueta, Jesus Eguzkitza, Pedro Mari Goikoetxea, Jesus Etxezarraga, Maria Pilar Muniozguren eta Sabin Barruetabeñari. Horrezaz gan, Poesiako Lauaxeta Saria Joxan Artzek eskuratuko dau Heriotzaren ataria dugu bizitza lanagaitik, eta 35 urtetik beherakoentzako poesia arloan, Jule Goikoetxearen Tractatus lana sarituko da. Ikus-entzunezkoen Lauaxeta Saria Iban Gonzalez Pagaldayrentzat izango da, Goazen gudari danok  dokumentalagaitik. Sari-emotea Euskerearen Egunean izango da, abenduaren 2an.

Lauaxeta Ohorezko Sariaren bitartez, Bizkaian euskerearen sustapenaren eta normalizazinoaren alde lan egin daben persona eta taldeei esker ona adierazo eta aintzatespen publikoa autortu nahi deutsie.

Bizkaian, euskal irratigintzearen aitzindari eta arimea dan Juan Mari Iraolagoitiagaz egon gara eta hona hemen berak kontau deuskuzanak:


1.- Hasierako talde haretatik Bizkaia Irratian segidu eban bakarra zara eta urte askoan zuzendari eta esatari lanak buztartu dozuz. Lauaxeta Ohorezko Saria zuontzat zala esan eutsuenean, zer pasau jatzun burutik?

Sorpresea eta poza buztartu jatazan! Sorpresa atsegina, orain 41 urte hasita, urteetan egin genduan lanagaitik saritu nahi izan gaituelako. Eta poza, poz handia, orduko lan ha aintzakotzat hartu dabelako.

Lan gogorra izan zan. Gaur egun ezin leiteke pentsau be egin zenbaterainoko oztopoak gaindutu behar izan genduzan hasiera haretan. Orduko egoerea ezin geinke imajinau be egin 41 urte geroagoko gaurko ikuspuntutik. Ez egoan ez internetik, ez ordenadorerik, ez teletiporik... beste mundu bat zan. Alkarrizketak egitera be Bizkaiko bazter guztietara joan behar izaten genduan, gehienetan iluntzetan eta jaiegunetan. Ezin zan telefonoz egin alkarrizketarik, telefono hariak interferentziaz beteta egoten ziralako.

Oztopoak gogorrak ziran, baina gure ilusinoa handiagoa.


2.- Bizkaia Irratia 1990eko urriaren 1ean jaio arren, Radio Popular - Bilbo Herri Irratian, 1973ko zemendian hasi zan lehenengo euskal irratsaioa Eleizbarrutiak erabagi garrantzitsua hartu ostean, hau da: Herri Irratiko Uhin Ertainean erdal programazinoagaz jarraitzea, eta Frekuentzia Modulatuan euskal programazinoa sartzen hastea. Julian Olazabalaga abadea izan zan eragile nagusia...

Lehengo itaunari erantzunez, ilusinoa aitatu dogu. Geure ilusinoa. Baina herritarren ilusinoa be handia zan garai haretan. Diktadurea laster amaituko zala ikusten zan. Bestalde Eleizeak ilusinoz betetako sasoi bat bizi eban Juan XXIII.ak deitutako Vatikano II.a Kontzilioagaz (1962-1965), eta Aita Santu beronek plazaratu eban Pacem in Terris enziklikeagaz.

Lehenengoak, -Kontzilioak- liturgia ospakizunak (mezea, bateoak eta beste sakramentuak) bakotxak bere hizkuntzan emoteko erabagia hartu eban. Ordura arte latinez egiten ziran. Pacem in Terris enziklikan (1963), bestalde, estadu bako hizkuntza gitxituei bizi izateko eta garatzeko eskubidea autortzen jaken. Honek arnasa barria emon eutsan euskereari (Ander Manterola).

Ilusino horren barruan ulertu leitekez Manterolaren ondoko berbok: Bizkaiko Eleizeak bizi eban giroak bultzatuta hartu eban eleizbarrutiak Bilboko Herri Irratia FMn euskeraz emitiduteko erabagia.

Julian Olazabagari jagokonez, persona egokia izan zan Eleizbarrutiaren erabagi hori aurrera eroateko. Gizon ernea, serioa eta eraginkorra zan Julian. Asko zor deutso Bilbo Herri Irratia FMk Juliani.

 
3.- Bizkaia Irratian programazino guztia euskeraz egiten hastea pausu handia izan zan baina 17 urteko tartean, zentsurea eta bestelako arazo batzuei be aurre egin behar izatea tokau jatzuen. Zelan gogoratzen dozuz hareek denporak?

Zentsurearena ezusteko gogorra izan zan. Guk egunkarietan (La Gaceta, El Correo, Hierro eta Hoja del Lunes) etozan albisterik interesgarrienak itzultzen genduzan euskerara. Ez egoan egunkarietan albisterik euskeraz. Ba, lehenengo, euskeratutako albiste horreen laburpena egin behar izaten genduan erderaz, eta Información y Turismoko bulegora eroan, guk emitidu behar genduan albistegia emon baino ordubete lehenago.

Zinta-kasetetan grabatuta barriemoileek bialtzen euskuezan albisteen laburpena be egin behar izaten genduan zentsurea pasetako. Bost ordu behar, ordubeteko irratsaioa prestetako! Holan ibili ginan lanean hile batzuetan. Ez genduan egundo pentsauko holakorik inoiz izango genduanik. Zorakeria hutsa! Garai eskasak! Baina eutsi egin geuntsan hari be.


4.- Aurretik minutu gitxi batzuetako mikroespazioak egiten ibili ostean, euskal programazinorako bidea Zuentzat, euskeraz dakizuenontzat ordubeteko eguneroko saioagaz hasi zan. Irratsaio egileak zeu eta gaur egun emaztea dozun Inmaculada Gallastegi izan zinien. Orduko anekdota bat edo beste nabarmenduko zeunke?

Radio Popular de Billbao 1960an sortu zan izen horregaz. Urte bi lehenago edo, zeozertxu emitiduten hasi ziran San Vicente parrokiatik. Datu gehiagorik ez daukat, baina badakit 1965ean errosarioa emitiduten zala euskeraz goizero San Vicentetik; astero ordu erdiko irratsaio bi egozan Baserri ordua eta Euskal ordua eta jaiegunetako eguerdiko mezako sermoia. Beste alde batetik gu hasi aurretik 70garren hamarkadako lehenengo urteetan, lehenengo Fermin Iraolagoitia eta gero Sabin Barruetabeña Pasiotarrek, egunero 6-7 minutuko mikroirratsaioak emoten zituen Euskal Historia, Literaturea, Geografía eta Ohiturei buruz. Bitoriano Larruzea abadeak mezako irakurgaiei buruzko gogoeta batzuk eskeintzen zituan jaiegunetan.

Zuk dinozunez, Zuentzat euskeraz dakizuenontzat izan zan euskal programazino barriko lehenengo irratsaioa. Egunero ordubetekoa. Nobedadea barriemoileak ziran. 12 lekutatik, Bizkaiko eskualdeetako herri nagusienetatik bialtzen euskuezan albisteak kasetetan grabauta.


5.- Oso oker ez bagagoz, euskeraz, lehenengo, BBC-n emitiduten zan 1947tik 1950era. Aita Urrutia nabarniztarrak egiten zituan esatari lanak...

Datu hau neuk be entzunda daukat, baina ez dakit guztiz ziurra dan ala ez. Beharbada Errepublika garian hemen be zeozer emitiduko zan euskeraz, batez be erdal irratsaioren baten/batzuen barruan. Dana dala leitekena da diktadura garaian galarazota egoana eta ezin zana emon, kanpotik egitea.


6.- 1956-1957-1958-1959 urteetan, barriz, Segura, Arrate, Tolosa Irratiak, eta Mondragoiko Lanbide Eskolakoa sortu ziran Gipuzkoan. Horreek izan al ziran jarraibide ala eredu Bizkaian?

Neurri baten bai. Loiola Herri Irratian be sasoi horretan hasi ziran euskerea sartzen, eta 1961ean hasita, ordura arteko disko, bertso eta sermoiez gan, apurka-apurka euskal irratsaioak ugaritzen be hasi ziran. Irratsaioen % 60 inguru euskeraz emotera be heldu ginan (Jose Mari Iriondo). 1964an, Madrilgo Gobernuak zarratu egin zituan irrati horreek. Edozelan be, pixkanaka barriro zabaltzea lortu eben hurrengo urteetan.


7.- Bizkaia Irratiak programazino osoa bizkaiera jasoan egitea erabagi eban eta gaur egun oraindino era horretako bakarra izaten jarraitzen dau...

Holan da. 1973ean, Bilbo Herri Irratiko FM martxan jarri zanean, esatariek ondo jagondako bizkaiera batua erabiltea erabagi zan. Gaur be holan jarraitzen da Bizkaia Irratian, Bizkaiko euskaldunei hurragoko zerbitzua eskaintzeko helburuaz. Erabagi hori hartu zanean beste hau be gogoan izan zan: Loiola Herri Irratiak emitiduten ebala batuaz eta nahiko leku askotara heltzen zala Bizkaian emisora hori. Euskadi Irratia abian jarri zanean (1982) logikoago ikusten zan oraindino bide hori jarraitzea.


8.- Lekuan lekuko berbakerak euskerearen bizigarri eta aberasgarri dirala ez dago ukatzerik baina hamar urte barru zelako indarra izango ete dabe euskalkiek?

Pentsatu daigun, momentu jakin baten euskalkirik barik geratzen garela. Euskerearen aberastasuna guztiz indarbakotuta geratuko litzateke. Lehenago aitita-amamak eta gurasoak euskerearen tranmisore handiak izan ziran. Euren lan bikain hori ez dirudi ondo ordezkatuta dagoanik gaur egun. Hemen arrisku handia dago: Ondorioak larriak izan daitekez. Euskal Erakundeak, ez dakit behar bestean balorau daben transmisinoaren arazoa eta gure aurrekoen lana. Nire ustez argi dago euskerearen salbatzaile nagusiak herritarrak, aitita-amamak, eta gurasoak, eta herriko giroa izango dirala.


9.- Irrati pribatua, eleizbarrutiarena izanik, zer dauka alde eta zer kontra Bizkaia Irratiak?

Gure kasuan gauza on asko alde. Eleizbarrutiak berak hartu eban Bilbo Herri Irratia FMn, eta gero bere oinordekoan, Bizkaia Irratian, euskeraz emitidutea eta beti izan dogu, bai lehen eta bai orain, haren babesa. Hori bai: esturaldi kasuetan/urteetan enpresa publikoak baino babes gitxiago izateko arrisku handiagoa dauka pribatuak.


10.-  Urte batzuk dira analogikotik digitalera salto egin zana. Gaur egun irratiak internet bidez be entzun daitekez. Bihar etzi nondik nora joko dau irratigintzeak?

Ez naz teknikoa, baina badirudi teknikeak ez daukala mugarik. Sistema barriak, edo barriagoak, edo hobetuak azalduko dira. Antxina ez dala esan eustan nik baino gehiago dakian batek Internet 1, eta Internet 2 existiduten dirala honezkero. Zer dan hau? Auskalo!

Osorik irakurri