Ospakizunek ez dute etenik Bilbon. Gaur ere hainbat ekimen antolatu dituzte euskararen jira-biran.
Abenduak 5 ostirala
Indautxuko gazteek ere euskaraz bizi nahi dutelako, gaur, abenduak 5 ostirala, 'Gazteon arteko eztabaida ireki eta euskaldunak' prestatuko dituzte Kirruli Kultur Elkartean, arratsaldeko 17:30ean, hainbat gai jorratuz; Gazteria eta Prekarietatea, Indautxu eta Euskara, Gazteak eta Feminismoa, eta Drogak eta Aisialdia; besteak beste.
Ostiralarekin bat, afaria, kopa eta bertso-sortaz gozatu ahalko da zazpi eurotan 7Katu gaztetxean. Bertso-afarirako sarrerak salgai daude Errondabide kultur elkartean.
Abusu Ikastolak gaur (abenduak 5) bertso-afaria antolatu du. Hiru bertsolari ariko dira kantari: Asier Otamendi, Asier Iriondo eta Joseba Barandiaran. Sarrerak 12 euro balio du.
San Inazioko Gazte Asanbladak euskara eta euskararen erabileraren inguruan hitzaldia antolatu du 'Gazteak, hiria eta euskara. Zelan areagotu erabilera?' lelopean. Hitzordua gaur, ostirala izango da, hilak 5, arratsaldeko 19:30ean Kabia Kultur Elkartean.