"Euskararen normalizazioan urratsak ematen jarraitzeko" konpromisoa hartu dute Udaleko alderdiek

uriola.eus 2014ko abe. 2a, 12:27

Bilboko Udaleko Bozeramaleen Batzordeak publiko egin duen adierazpen instituzionalean dio "aukera berriak irekiko dituela euskara erabiltzeko, eta horretarako, errespetatuko dituela pertsona guztien hizkuntza-eskubideak eta euskararekin bat egiteko askatasuna". 

Ibon Areso alkateak ez ezik Ibone Bengoetxeak (EAJ), Beatriz Marcosek (PP), Helena Gartziak (EH Bildu) eta Alfonso Gilek (PSE-EE) ere sinatu dute, biharko Euskararen Eguna dela eta, adierazpen instituzionala. Bertan, Udaleko Bozeramaleen Batzordeak "hitzematen du neurri malguak eta politika sendoak eta egokiak bultzatuko dituela euskara indartzeko asmoz, betiere gure bi hizkuntza ofizialen arteko oreka gero eta handiagoa bilatuko duen elebitasunaren ildotik".

"Konpromisoa" hartu dute Udalean ordezkaritza duten alderdietako bozeramaleek "herritar eleanitzak lortzeko", uste baitute eleaniztasunak "eragin ona" izan dezakeela "gure bizikidetza demokratikoari eta gizarte-kohesioari begira". 

Adostasunerako bide berriak

"Gaztelania den bezala", euskal gizartearen "elementu integratzaile bat" da euskara Bozeramaleen Batzordearen hitzetan. Euskararen eremuan "orain arte lortutako adostasunei eutsi" behar zaie, eta adierazpenaren arabera "adostasunerako bide berriak bilatu behar dira euskararen erabilera sustatze aldera".

Borondatea vs errealitatea

Bilboko Udalaren borondateak tupust egiten dute errealitaterekin. Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren datuek erakusten dute Bilboko Udalak jasotzen dituela urtez urte euskara erabileraren kontrako kexa gehien.

Joan den ekainean Udalak eman beharreko aurrerapausoa okertu egin zen. Bertan behera geratu ziren Euskararen Akordioa onartu eta Euskararen Aholku Batzordea eratzeko egitasmoak. PP ez beste alderdiak ados agertu ziren arren, denen babesa jaso ez zuela eta, proposamena baztertzea erabaki zuen Sabin Anuzita Euskara zinegotziak.  

Aurtengo omenduak Kafe Antzokia eta Itoitz taldea

Euskararen Eguna dela-eta, bihar Udalak urtero egin ohi duen harrera ekitaldia gidatuko dute Ibon Areso alkateak, Sabin Nnuzita Euskara zinegotziak, Miren Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako diputatuak eta Kirmen Uribe idazleak, gainerako zinegotziekin batera. Aurten omenaldia Kafe Antzokiari eta Itoiz musika taldeari egingo zaie. 

 

 

[2014/06/18] Euskararen Akordioa ez da onartu Bilboko Udalean, PPren babes faltagatik

[2014/05/07] Behatokiaren arabera Bilboko Udalak izan ditu euskara erabileraren kontrako kexa gehien Bizkaian