Udaletxean aurkeztu da gaur Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioak joan den asteburuan egindako bilketa-kanpaina handiaren balantzea. Datuen arabera, marka berri bat ezarri da dohaintzetan, Bilbo-Bizkaian 700 tona inguru eta Estatu osoan 21.000 tona bildu direlarik.
Kopuru horiek %17ko hazkundea suposatu dute Estatuan kanpainarako ezarrita zegoen helburuari dagokionez (18 milioi kilo elikagai biltzea), eta %50eko gehikuntza 2013an bildutako 14 milioi kilo elikagaien aldean.
Bilbo-Bizkaiaren kasuan, bildutako elikagaien zenbaketa osoa amaitu ez bada ere, lehenengo estimazioen arabera, %20 eta %30 tarteko gehikuntza lortu da iazko datuen aldean, eta horrenbestez, hasieran zehaztutako helburua (700 tona elikagai) bere horretan bete dela esan liteke.
Boluntarioen partaidetzari buruzko datuetan ere, nabarmentzeko moduko gehikuntza gertatu da: Bilbo-Bizkaian, 151 establezimendutan banatuta, 3.000 boluntario baino gehiago egon ziren, hasieran aurreikusitako kopurua %75 hobetuz. Estatu osoan, boluntario-kopuru osoa 100.000 pertsonatik gorakoa izan zen, 10.000 supermerkatu eta azalera handitan banatuta, hasieran aurreikusi baino %18 gehiago.
Bizkaiko Elikagaien Bankua irabazi-asmorik gabeko erakundea da, boluntarioek osatutakoa, elikagai gehienak Mercabilbaotik eta elikagaien industrietatik, merkataritzako zentro handietatik, nekazaritzako kooperatibetatik eta elikagaien kateetatik biltzen dituena. Elikagaiak lortzeko beste modu batzuk, ikastetxe eta enpresetako kanpainak, norbanakoen dohaintzak eta erakundeen laguntzak dira.
Onuradunak, ordea, hauek dira, besteak beste: gizarte jantokiak, zahar etxeak, harrera-zentroak eta desgaitasunen bat dutenei laguntzeko erakundeak, etorkinak, drogazaleak, HIESa duten gaixoak, umeak, baita gizarte egoera ahulean dauden norbanakoak ere.
Laguntza hori Bilbo-Bizkaiko 32.000 pertsonengana iristen da, eta bildutako elikagaiak dohainik eta modu solidarioan banatzeko, Elikagaien Bankuak legez onartutako ongintzako 250 erakunderen lankidetza dauka.
Lehenengo Elikagaien Bankua Phoenixen (Arizona, AEB) sortu zen 1967an. 80. hamarkadaren hasieran Kanadara eta Frantziara zabaldu zen ideia eta handik Bartzelonara iritsi zen, 1987an. Bizkaiko Elikagaien Bankua 1995ean sortu zen, eta hurrengo urtean, Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioa eratu zen. Federazioak Elkartasunaren Asturiasko Printzea Saria eta Gurutze Gorriaren eta Ilargi-Erdi Gorriaren urrezko Domina jaso zituen 2012an.