Gontzal Mendibil euskal kantautoreak bihar -asteazkena, abenduaren 3a- 20:00etan kontzertua eskainiko du BBK salan 'Nire bihotzak zure begiak ditu' bere azken lana aurkezteko. Aldez aurretik, goizean, artistak BBK salan bertan doako master class bat emango du kontzertu bat antolatzeko eraz. Hitzordua goizeko 11:00etan izango da, eta bertaratzen direnei BBKren liburu bat emango zaie opari.
Gontzal Mendibilek lagunarteko giroan aurkeztuko du bere musika-lan berria. Hamaika gai berri dira, berak konposatuak, bizitzako gorabeheren aurrean norberaren eta taldearen sentimendu eta sentierari dei egiten dietenak. Konposizioen forma, mami eta gaiengatik, bere ibilbideko 15. disko hau “lan handia izan da, baina atsegin-emailea”, esan du Zeanuriko abeslariak.
“Ez dakit dakizun baina” gaiak gaitz guztien jatorriaz hitz egiten du: bihotzaz. Euskal Herriko Gazte Orkestrarekin grabatu zuen. Eguraldi txarrari aurpegi ona, hori da Gontzalek proposatzen duen formula, mezu argi eta zuzenekoekin. Bere kantutegiko beste abesti batzuk, BBK salan gozagai izango ditugunak, hauek dira: “Zeure Ametsa”, “Edan itzazu egunak”, “Badakizu” edo “Zer den gure herria”… Emozio-karga handiko gaiak, erantzunetan gure inplikazioa eskatzen duten galderekin. Azken gaia, “Nola liteke!,” bere adiskide Alex Angulori eskaini dio, zirkulazio-istripu batean hil berria.
Sarreren salneurria 18 eurokoa da, %10eko beherapenarekin Kutxabank txartelak erabilita, baina gehienez lau sarrera eros daitezke txartel bakoitzaz.