Cabacas auziko puntu ilunena argitzeko, Bilboko ertzainen "armagina" deklaratzera

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2014ko abe. 2a, 12:15

www.naiz.eus

Cabacas auziko epailearen aurrean deklaratuko du Bilboko polizia-etxeko "armaginak" otsailaren 12an. Ertzaintzak gomazko pilotak jaurtitzeko erabiltzen dituen armak eta pilotak jasotzeaz, garbitzeaz eta erregistratzeaz arduratzen da postu horretan dagoen agentea, eta auziko puntu ilunak argitzen lagundu dezakeela uste du familiaren abokatuak.

Bi urte geroago onartu du epaileak Cabacas-Liceranzu familiaren abokatuaren eskaera. Garak jaso duenez, "armagina"-ren bidez 2012ko apirilaren 5a eta 6a bitartean Ertzaintzak erabilitako armen berri jakin nahi dute.

Hala ere, epaileak gogorarazi du Cabacas hil zuten gau hartan beste karga polizial batzuk ere izan zirela.

Deien kopiak eta kaleko irudiak

Hilketaren eguneko deien eta mezuen kopia ere eskatu dio epaileak Ertzaintzaren Bizkaiko Aginte eta Kontrolerako Zentroari, agenteen arteko komunikazioak aztertzeko.

Eta Maria Diez de Haro kaleko irudiak ere eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeari, polizia autonomikoaren jokabidea zein izan zen ikusteko.

Egun bakarreko kontrolik eza

Garak elkarrizketatutako iturrien arabera, armen departamentuan oso kontrolatuta dauzkate mugimendu guztiak, eta armak hartzen eta itzultzen dituzten polizien izenak idazten dituzte. 

2012ko apirilaren 5 gaueko erregistrorik ez dago ordea, ez erabilitako eskopetena, ezta gomazko pilotena ere.