Hainbat aurpegi ezagun elkartuko dira ekitaldian: Bilboko alkatea; Sabin Anuzita Euskara zinegotzia; Miren Josune Ariztondo Kultura diputatua; Andres Urrutia euskaltzainburua; BBK Fundazioko presidente Xabier Sagredo; Xabier Kintana argitalpenaren koordinatzailea eta edizio arduraduna; eta Gabriel Aresti Kultura elkarteko ordezkari Xabier Monasterio. Gainera, liburuan parte hartu duten idazleak ere bertaratuko dira; Toti Martinez de Lezea eta Kirmen Uribe, besteak beste.
Aurten bete dira 50 urte Gabriel Aresti olerkari bilbotarrak ‘Harri eta Herri’ poema-liburua idatzi zuela. Liburu hau hainbat arrazoirengatik, euskal poesiaren historian iraultzailea izan zen. Idazleak Euskal Herriko literaturan "arrasto handia" utzi du eta bere "autokontzientzia poetikoaren agerpena gorena da", askoren ustez.
Liburua idatzi ahal izateko, Gabriel Arestik berak prozesu existentzial eta literario sakona ezagutu zuen erdaratik euskarara, nitasun poetiko murritzetik identifikazio kolektibo batera. Bide hau agertzen da nonahi liburuan bertan, baita garai horietan euskal poetak eskainitako hitzaldi eta idatzietan ere. Gerra ondoko Bilbo erdaldunean ikasi zuen euskaraz bere kasa Arestik.