Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Saileko Gazteen Gaietarako Zerbitzuak antolatutako Bilboko musika-talde hasi berrientzat Barrutirock programa berriro izango da abian gaur, abenduak 4, 20:00etan, Bilborocken eskainiko den kontzertuarekin. Publikoak Sutan taldea ikusi ahal izango du eta bere ska-rock erritmoak hemengo instrumentuekin nahastean entzun, baita Cadillac Recordsen Rollin Stonen ukitudun hegoaldeko rocka ere.
Zirkuitu honen ezaugarrietako bat da estilo askotako taldeak aurkezten direla, eta horren erakusgarri dugu abenduaren 11n, osteguna, 20:00etan, eskainiko den kontzertua. Bloque H taldeak rock urbanoa dakarkigu eta Mamma Jam bandak, berriz, rock alternatiboa. Barrutirockeko aurtengo azken programazioa abenduaren 18an (eguena) gauzatuko da, metal estiloko emanaldi batekin Unset eta Sharkriders taldeen eskutik.
Barrutirock programak bere bosgarren edizioa bete du aurten. Ehundik gora banda sartu ditu bere programazioan abian jarri zenez geroztik. Barrutirock-en barruan, Bilboko barruti guztietako talde eta bakarlari gazteek (15-35 urte) euren lanak erakusten dituzte zuzenean, horrela esperientzia lortuz, Bilborock bezalako aretoan jotzeko aukera izanda. Sarrera doakoa da eta zuzeneko musikaz gozatu eta musika-talde gazteen berri jakin nahi dutenentzat dira kontzertuok.
Guztira, 10tik gora kontzertu antolatuko dira 2014an programa honen barruan. 21 musika-taldek hartuko dute parte. Beste 14 ekainean egindako jam sessionean aritu ziren. Jaialdi berezia izan zen programaren bosgarren edizioa ospatzeko antolatua; hogeita hamar musikari gazteri erreferentziako musikariek emandako gitarra, bateria eta grabazioko master classa eskaini zitzaien.