Bilbao Mendi Film Festival jaialdiak abentura eta natura eskainiko ditu abenduaren 12tik aurrera

uriola.eus 2014ko abe. 4a, 13:00

Jaialdiak bi zinemagile handi omenduko ditu; batetik, Clint Eastwood, 'The Eiger Sanction' bere lehen filmetako baten 40. urteurrena betetzen dela aitzakiatzat hartuta, eta bestetik, Montxo Armendariz, 'Tasio' estreinatu zela 30 urte bete direlako. 

Bilbao Mendi Film Festival jaialdiaren zazpigarren edizioak entzute eta itzal handiko hainbat zinemagile, kirolari, komunikatzaile eta naturaren maitale bilduko ditu aurtengoan ere Bizkaiko hiriburuan, abenduaren 12tik 21era. Ekitaldiak zinemazaletasuna, mendiko kirolekiko maitasuna eta ingurumen-balioen aldeko aldarria uztartuko  ditu, beste behin, intentsitate biziko 10 jardunalditan. Horrenbestez, aukera paregabea eskainiko du  mendiaren eta abenturako kirolen (surf, eski, snowboard, BASE-­jauzi, BTT, piraguismo, etab.) inguruko nazioarteko film onenenak ikusi ahal izateko, eta jarduera paralelo ugariz gozatzeko.

Izan ere, Bilbao Mendi Filmen programazioa, bertaratutako gonbidatuen izena eta entzutea eta jarduera paraleloen oparotasuna aintzat hartuta, nazioarte mailako mendiko zinemagintzaren erreferentzia nagusietako bat bihurtu da ibilbide labur samarrean. Iazko egitarauko ekitaldietan bertaratu ziren 15.000 lagunen zifra ere mugarria da horrelako zinema jaialdietan.

Zazpigarren edizio honetan, 17 herrialdetako 47 film izango dira lehian. Eta sekzio ofizialeko emanaldiez gain, 3D formatuko proiekzioak, hainbat erakusketa eta zenbait ikastaro eta tailer espezializatu ere izango dira, jaialdiaren helburua hazten jarraitzea baita: era guztietako jendea erakartzea eta iazko edizioko ikus-entzule kopurua gainditzea.

Aurtengo edizioan saio gehiago izango dira jendearentzat zabalik, eta beste areto bat ere egokitu da pelikulez gozatzeko: Golem zinemak. Beraz, lau egoitza izango dira aurten jaialdian: orain arteko Euskalduna Jauregia, BBK Aretoa eta Alhondigako Auditoriuma, eta orain Golem zinemak, guztiak ere baliabide tekniko punta-­‐ puntakoekin, besteak beste 3D formatuko proiekzioak egiteko. Izan ere, irudien ikusgarritasunak erakarrita, zinemako genero honek gero eta zale gehiago ditu, eta Bilboko aretoen ezaugarriei esker, ikus-­‐entzuleek aukera dute filmak baldintza ezin hobeetan ederresteko eta ikuskizunaz areago gozatzeko. Jaialdiaren itxierako ekitaldiaren bezperan, abenduaren 20an, BBK Aretoan aukera izango da saritutako film guztiak  etenik  gabeko  lau  saiotan  ikusteko. 12:00etan, 15:00etan, 17:15etan eta 19:30ean hasiko dira lau emanaldi horiek.

Epaimahaia Rebecca Martin, National Geographiceko Espedizioen zuzendariak; Marianne Chapuisat alpinistak; Maria Coffey idazle eta abenturazale britainiarrak; Fernando Velazquez soinu‐banden konpositoreak; eta Egoi Markaida zinemagileak osatuko dute. Era berean, Entzute  handiko  hainbat  gonbidatu  izango  dira  Bilbon,  besteak  beste,  David Breashears, Himalayan klima aldaketaren arazoa eragiten ari den arazoez kontzientziatzeko fundazio baten bultzatzailea; Jeremy Collins, eskalatzaile, ilustratzaile eta zinemagilea; eta Jose Larraza kazetaria, Canal+ kateko “Informe Robinson” saioan mendiko hainbat dokumentalen egilea. 

Entzute handiko bi omendu

Aurten, mendiko jaialdiak bi zinemagile oso desberdin omenduko ditu: Clint Eastwood eta Montxo Armendariz. Lehena, Bilbao Mendi Film Festival jaialdiaren aurtengo kartelaren protagonista da gainera, 40 urte baitira bere aurreneko film luzeetako bat zuzendu zuela; 'The Eiger Sanction'. Eastwood bera izan zen, ordezkorik gabe, Eigerreko ipar horma mitikoan (3.970 m), Suitzako Alpeetan, filmatu ziren eszena arriskutsuenen protagonista. Saio berezian proiektatuko da pelikula, Felix Linaresek aurkeztutako ETBko 'La noche de…' saioa egiten duen lantaldearekin elkarlanean.

Montxo Armendarizi dagokionez, 30 urte dira bere lehen film luzea zuzendu zuela, 'Tasio' gogoangarria, eta egokiera baliatuz, jaialdiak omen egingo dio zinemagile nafarrari. Filmak, Nafarroako azken ikazkinetako baten erdi-­biografia eta bizimodua erretratatzen du, eta hainbat sari eskuratzeaz gain (bere egunean Trentoko Mendiko Zinema Jaialdian jasotakoa, adibidez), euskal ikusle askoren oroimen kolektiboan egina du lekua.

Sarrerak

Sarrerak dagoeneko salgai daude, 5 eta 8 euro arteko prezioan. Jaialdia zabaltzeko 'Valley uprising' (Matxinada ibarrean) Yosemiteko historiari buruzko film ikusgarria proiektatuko da ostiralean, hilak 12, Euskalduna Jauregian, 19:30ean, eta film horretarako sarrerak salgai daude kongresu jauregiko txarteldegian, BBK-ren zerbitzu anitzeko kutxazainetan eta webgunean bertan. BBK Aretoan (Gran Via 19-­‐21) proiektatuko diren filmen sarrerak ere eskura daude aretoko txarteldegian eta aurrez aipatutako kutxazainetan eta web-­orrian. Alhondegian programatutako pelikulen sarrerak, berriz,  Golem zinemetako  txarteldegian eta http://www.golem.es webgunean eskura daitezke.