Vendetta taldeak disko berria aurkeztu du

uriola.eus 2014ko abe. 4a, 14:58

Nafartar taldeak bere bosgarren diskoa aurkeztu du goizean, '13 balas' izenekoa. Hamairu abestiz osaturiko lan honetan bost taldekideek bat egin dute eta batera abesten entzungo ditugu, kolore ezberdinak erakutsiz.

Aurreko diskoak bezalaxe, honek ez ditu ohikoak diren indarra eta alaitasuna galdu. Erritmo aldetik ere oso anitza da; izan ere, erritmo mota asko eta berriak nahasi dituzte: funka, musika zelta edo reggae bezalakoak erabili dituzte oraingoan. Baina, euren nortasuna galdu gabe, punkera gehiago bideratu dira.

Diskoaren lehenbiziko abestia Leña al fuego du izena eta taldearen definizio bezala azaldu du Ritxi Aizpuruk, Baga Biga disketxekoak. Gizarteari buruzko gauza asko esaten ditu kanta honek, musika eta letren bitartez. Bestalde, aldaketa batzuk egon dira diseinuan eta grabatzeko orduan: Joseba Berramendik diseinatu du diskoa oraingoan, eta Paxkal Etxeparek grabatu du Lapurdin.

Ikusi dugunez, lan berri honetan berezitasun eta aldaketa ugari egon dira, baina garrantzitsuena da azkenengo bi urteetan zehar izandako filsofian egindakoa. Disko honetan Vendetta taldearen abestiak deskargatzeko aukera ematen dute aplikazio baten bitartez (Google Play edo Play Store-tik deskargatu daitekeena). Erabiltzeko erraza da eta '13 balas' diskoa lortzeaz gain, aurreko lan nagusien 20 abestiren bilduma deskargatzen da. Abeslarien ustez, dohaineko sistema berri hau iraultzailea, eta Euskal Herrian lehen aldia da hau egiten dela. Honi esker, diruak eta distantziak sorturiko mugak hautsi daitezke.

Bihartik aurrera, Durangoko azokan egongo da salgai diskoa edo taldearen webgunean ikusgai. Sare sozialekin egindako apostua ere garrantzitsua da. Ska basea erabiliz eta betiko positibismoa oinarritzat hartuz, show-a hasi da!