Udaltzaingoak 170 urteko ibilbidea egin du eta gaur Ibon Areso Bilboko Alkatea buru izandako omenaldiaren bidez ospatu dute.
Ekitaldia Udaltzaingoaren Miribillako gimnasioan burutu dute eta Udalbatzaren, segurtasun-erakundeen eta Epailetzaren kideak bertan egon dira, Udaltzaingoaren 29 kide berriekin batera, Poliziaren Ikastegitik oraintsu atera berriak.
Bilboko Udaltzaingoa 1844ko azaroaren 8an sortu zuten, Federico Victoria de Lecea alkatearen agintaritzapean. Berak erabaki zuen Udaltzaingoa udal erakunde bezala eratzea, segurtasunaren aldetik gero eta handiagoa zen eskaerari erantzuteko eta agoazil gutxi zeudelako.
Etengabe aldatzen ari den plantilla
Hasieran 12 udaltzain besterik ez baziren ere, ia mende bi geroago, 800 lagunek osatzen dute Bilboko Udaltzaingoa, agente, aginteko postuetako kide eta atxikitako langile administratiboen artean. Horietatik, 746 poliziak dira (kopuru horren %8,3a emakumezkoak) eta langileen batez besteko adina 47 urtekoa da.
Orain, 29 udaltzain berri sartzeari esker, "Udaltzaingoaren bilakaeran beste pausu bat egin dute, herritarrengandik hurbil dagoen erakunde-eredu baterantz, gatazkak konpontzeko prebentzioa eta bitartekaritza ardatz hartuta".
Ia udaltzain guztiak bizkaitarrak izateaz gain (%96,55 Bizkaikoak dira eta erdia baino gehiago, %55,17 Bilbokoak), 19 eta 42 urte bitarteko adina dute, gehienak 35 urte baino gutxiagokoak izanda (guztizkoaren %89,66). Halaber, haietatik 2 emakumezkoak dira (guztizkoaren %6,9).
Hautaketa-prozesu zehatz baten amaiera
Alde horretatik, Udaltzaingoaren lanpostuak betetzeko enplegu-eskaintza publiko honen deialdia Udalaren osoko bilkurak abenduan egindako bileran onetsi zen.
Halaber, urrian Bilboko Udalak Enplegu Publikoaren Eskaintzaren lanpostu-kopurua handitzea adostu zuen, hautaketa-prozesua burutu bitartean, udaltzainen lanpostu batzuk bete gabe geratu zirelako. Hala, 25etik 29ra igo zen udaltzain-kopurua eta horietatik 11k euskararen bigarren Hizkuntza Eskakizuna zeukaten.
Hautatzeko prozesu hau lehiaketa-oposaketaren bidez egin da, ondoko atalez osatuta: proba teoriko orokorra, Bilboren inguruko ezagutzei buruzko beste bat, berariazko ariketa fisikoak, nortasun-probak eta elkarrizketa pertsonala.
Fase hori gainditu eta gero, hautagaiek bederatzi hilabeteko prestakuntza-ikastaroa hasi zuten lehengo astean Udaltzaingoaren Ikastegian eta Ertzaintzaren Arkauteko instalazioetan. Ikastaro horretan gaitasunak eskuratuko dituzte hainbat arlotan: autodefentsa, armen erabilera, araketen eta identifikazioen prozesua, larrialdietako egoeretako edo eztabaidetako bitartekotza, ibilgailuak gidatzea eta komunikazio-sistemaren erabilera. Horrez gain, beharrezko prestakuntza jasoko dute gaur egungo arazoei heltzeko: genero-indarkeria, adingabea biktima duten kasuak, adinekoentzako arreta eta kalean alkoholdun edariak kontsumitzea, besteak beste.
Azken urratsa udaltzain berriak urtebetean praktiketako funtzionario gisa lanean aritzea izango da. Aldi horretan kalean bertan lan egingo dute, armarik gabe eta eskarmentu handiko udaltzainekin batera, udaltzainak diren aldetik duten eginkizunari lotutako hainbat funtzio gauzatzeko, hala nola pertsonen eta ondasunen segurtasuna zaintzea, zirkulazioa gidatzea, eta udal ordenantzak eta indarreko legedia betetzen direla artatzea.