Cristina Castaño antzezle galiziarra, La que se avecina, Hospital Central edo Al salir de clase bezalako telebista saioetan egin duen lana dela eta ikus-entzuleek asko maite dutena, Arriaga Antzokira helduko da, abenduaren 12an, 13an eta 14an eskainiko den El lenguaje de tus ojos o el principe travestido antzezlanaren buru gisa. Ostiralean, abenduaren 12an eta larunbatean, 13an, funtzioak arratsaldeko 20:00etan hasiko dira, eta igandean, abenduaren 14an, ordubete lehenago, 19:00etan.
El lenguaje de tus ojos o el principe travestido, Amelia Ochandianok Marivauxen 1724ko 'Le Prince travesti o L´Ilustre aventurier' testuaren gainean egindako bertsioa da. Amelia bera da lan horren zuzendaritzaren eta eszenografiaren arduraduna. Antzezle talde bikainaren buru, aipatu dugun Cristina Castaño etorriko da, eta berarekin batera Itziar Atienza antzezle euskalduna eta Jacobo Dicenta. Beste antzezle euskaldun bat, Iker Lastra, ere bertan izango dugu, Juan Geak eta Beatriz Bergaminek lagunduta.
Antzezlanak gortez eta printzesez, azpijokoz eta eroskeriaz, pertsonaiez eta ustelkeriaz… betetako istorioa erakusten digu. Beste garai batekoa izan arren, sarri askotan, bizi ditugun garai hauekin antzekotasun harrigarria erakusten duen istorioa. Hau da, idatzi zenetik denbora asko igaro den arren, gaur egun erabateko gaurkotasuna duen testuaren aurrean gaude. Pertsonaiek hunkitu egiten gaituzte, iraganaren eta gaur egunaren arteko etengabeko joan-etorriko bidaian.
El lenguaje de tus ojos o el principe travestido lanean ez da maitasunaz hitz egiten, pertsonaiak maitemindu egiten dira, ez da ustelkeriaz hitz egiten, pertsonaiek, tentazio materialen eta pasiozkoen aurrean amore ematen dutela ikusten dugu.
Sinopsia
Bartzelonako printzesa (Cristina Castaño) Lelioz (Iker Lastra), bere armadaren buru den misterioz betetako gizonaz, maitemindu da, baina printze batekin ezkontzeko duen beharra ez betetzearen beldur, Hortensia bere lagunari (Itziar Atienza) agindua ematen dio, maite duen gizonaren jatorriak azter ditzan eta, bide batez, harenganako dituen sentimenduak era leunean, jakinarazi diezazkion, hura animatu eta printzesari bere maitasuna adierazi diezaion. Baina Hortensiak Lelio aurkitzen duenean, lapur batzuen erasotik salbatu zuen eta inoiz ahaztu ez duen gizona dela ikusiko du. Biek sentimendu bera dute, baina Hortensiak ez du adiskidea traizionatu nahi.
Beste alde batetik, Gaztelako printzeak Bartzelonako printzesaren eskua eskatu du, bi erresumak elkartzeko eta, horrela, urte luzez erresuma bi horien artean egon diren tentsioak arintzeko. Federico gortesauak (Juan Gea) gatazka hori erabili gura izango du, gortean gora egiteko eta lehiakide gisa ikusten duen Lelio baztertzeko. Batzuek eta besteek, euren desio ezkutuak gauzatzeko erabiltzen dituzten azpijokoak eta eroskeriak eszenako joko bikainean eskainiko zaizkigu, guztien begiradek pertsonaien benetako sentimenduak erakutsiko dizkiguten arte. Horiek izango dira, azkenean, lanaren amaiera erabakiko dutenak.
Sarrerak
Sarrerak 8,5 eta 25 euro artean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.