Confebaskek, berez, LAB eta ELA sindikatuak legez kanpo utzi nahi ditu. Xede horretan, lege-baliabideak proposatzen ari da sindikalgintzan jardun ez gaitezen. Sindikatuen erroldatik atera nahi gaituzte, hots, gure sindikatu izaera gal dezagun nahi dute.
Horren aldeko eskaria egiten du Confebaskek, sindikatuen eta enpresa-erakundeen estatutuak biltzeko egiten ari den Errege Dekretu Proiektuari egin dizkion alegazioetan, Madrilen prestatzen ari diren proiektuaren harira.
Proiektuak, estatutuetan txertatu beharreko eskakizun berri bat hartzen du bere baitan, sindikatuen eta enpresa-erakundeen helburuetan, berez, lanekoak txerta daitezen: negoziazio kolektiboa, gatazka kolektiboak, gizarte-eztabaida eta erakundeetan egin partaidetza.
Confebaskek dio oso egokia deritzola estatutuen berregokitzapena eskatzeari. Baina ez da horretara mugatzen eta kontrolatzeko baliabideak ezarri behar direla ere eskatzen du; haren ustez, gure zeregina betetzen ez dugunok, eztabaida sozialean,... parte hartzen ez dugulako, erregistrotik kanpo utzi beharko gintuzkete.
LABek ez du betetzen, ez eta beteko ere, jakina, Confebaskek eman nahi dion zeregina. Patronal horren nahiak eta patronal frankista baten profilak bat datoz. Esanekoa eta itunzalea den, eztabaida sozial antzutan nahasiko den eta politikagintzan eraginik izango ez duen sindikalgintza nahi dute.
Sindikalgintzari zilegitasuna kentzen ari zaion, defentsa kolektiboa egiteko sindikatuak baliabiderik gabe uzten ari den, borroka jendartean kriminalizatzen ari den,... egoera orokor honetan, Confebaskek harago joan nahi du, helburu argia dauka, bide guztiak erabiliz, sindikalgintza abertzalea erasotu nahi du.
Confebask eskubidez sobera hornitua dago eta demokraziak enbarazu egiten dio. LABek egindako salaketari egindako erantzunak gai honen larritasuna baieztatzen digu bakarrik, bai errege dekretuari dagokionez, zein Confebaskek jokatu nahi omen duen zereginari dagokionez.
Aski ongi daki egiten duen proposamena legez kanpo dagoela, baina Madrileko gobernuari hainbat formula proposatzen dio legearen traba gainditzeko.
Askatasun sindikala eskubidea da. Sindikatu bati, behin erregistratu denean, ezin dakioke sindikatu egoera kendu, horretarako ez bada legeren bat “ad hoc” egiten.
Patronal horren nahiek larriki erasotzen diote askatasun sindikalari, eta hortaz, oinarrizkoa den eskubide bati. Confebask proposatzen ari dena oso larria da.
LABek, ekimenaren ekimenez, egoerari ekingo dio:
• Eusko Legebiltzarra eta batzar nagusiak interpelatuko ditugu aipatu patronala eta haren lurralde-antolaketak gaitzetsi ditzaten, ez-demokratikoak eta egiazko oztopo politikoak direlako. Estaldura emateari utzi behar diote, haren jarrera ezin daiteke zilegitu.
• Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu ez dezala zilegitu eta ez diezaiola estaldurarik eman patronal horri, eta bertan behera utz dezala eztabaida sozialaren mahaia biltzeko deialdia.
• Eskatzen dugu ere, patronal horren zilegitasunaz eztabaidatu behar dela; ez dugu uste haien jarrera euskal enpresarien artean nagusia denik. Enpresa-erakunde horren ordezkaritza ez da inoiz neurtu. Eusko Jaurlaritzari eskatu diogun arren, ez du inolako baliabiderik ezarri.
• Behar dugun lan harremanei buruzko benetako eztabaida eta negoziazio prozesu bati ekin behar zaio.
• Erantzun sindikal bateratua bultzatzen ari gara. Gasteizko Parlamentuan mozioa aurkeztu dugu ELArekin eta gainontzeko sindikatuei ekimenak aurkeztuko dizkiegu.
• CCOOri eta UGTri gutunak bidali dizkiegu askatasun sindikala babes dezaten eta Confebasken jarrera gaitzes dezaten; eskatzen diegu ere, eztabaida sozialaren mahaian parte har ez dezaten, demokratikoa ez den patronal horrek haien partaidetza behar duen abal soziala bihur ez dezan.
Nabarmendu nahi dugu, talde gisa, borrokatzeko antolatu diren langile guztien zeregina; gure erabateko aitorpena uko egingo ez diegun eskubide laboralak eta sozialak babesteko, patronal horri aurre egin dion LABen kide orori eta sindikatutik, honen aurka egin duen pertsona orori.
Dei egiten dizuegu, aurrerantzean ere, lantokietan eta jendartean antola zaitezten.