Antzezlana hasten denetik barreak etengabe entzuten dira

Ugaitz Alegria, aktorea 2014ko abe. 5a, 11:12

“Near ta barre, kaka berde”. Hori da Ondarrun erabiltzen dugun esaeretako bat. Negarraren ostean barrez hasten denari esaten zaio, beno esan, esan ez, kantatu egiten zaio, bere doinua baitu esaera honek. Baina hitz hauen artean doinua ezin dudanez erreproduzitu, onena Bizkaiko kostaldeko herrira gerturatzea izango duzue doinua ezagutzeko.

Kaka berde-berdea erruz egingo dute bada DCP edo De cuerpo presente antzezlaneko pertsonaiek. Beno, pertsonaiek bai eta Gernikara Domu Santu egunean gerturatutako ikusleek ere. Hildakoei bisita egiten zaien egunean estreinatu zen antzezlana Gernikako Lizeo Antzokian.

Egun horretan batzuk malkoren bat edo beste botako zuten kanposantura egindako urteroko bisitan. Baina esaeraren emaitza lortzeko; kaka berdea alegia, bigarren dosia beharrezkoa denez, Glu Glu ekoiztetxeak aurkeztutako komedia dibertigarri hau zen aukerarik onena.

Domu Santu Eguna. Aretoa gainezka. Antzezlana hasi denetik, barreak etengabe entzuten dira publiko artean, taula gaineko pertsonaiek tragedia bat bizi duten heinean. Senide bat galtzeak dakarren zorigaitzetik haratago, pertsonaien zekenkeriak, zitalkeriak eta faltsukeriak komedia eskuzabala eskaintzen digu, Galder Perez egile eta zuzendariak.

Beilatoki dotore batean bildutako aktore talde bikain hau herriz-herri dabil DCP antzezlanarekin. Lanean hasi aurretik, aktoreak elkarri “kaka zaharra” eskainiaz eta bukatzean berdea utziaz.

Kontsultatu glugluproducciones.com web gunea.