Indarkeria sexista

Elkarretaratzea deitu dute Otxarkoagako indarkeria sexista gaitzesteko

uriola.eus 2014ko abe. 9a, 12:46

38 urteko gizonezko batek bere bikotekide ohia erasotu zuen igandean Otxarkoagan; lepoan labana batekin zauritu zuen. Emakumea ospitalera eraman zuten eta onik dago. Erasotzaileak bere buruaz beste egin zuen astelehen goizean trenbidera salto eginda. Gaur 20:00etan, elkarreteratzea egongo da Otxarkoagako Kepa Enbeita plazan eraso sexistekin bukatzea exijitzeko.

Erasoa igandean, gauerdi aldera izan zen Otxarkoagako auzoan. Emakumeak esandakoaren arabera, kalera irten zen txakurra ateratzera eta bikotekide ohia eskaileratan zain zegoen. Indarrez etxean sartu zuen eta bertan, labana batez, lepoan sastakatu zuen.

Larrialdietan dei bat jaso zuten erasoa salatzen eta Ertzaintza zein anbulantziak etxebizitzara gerturatu ziren. Bertan, emakumea aurkitu zuten lepoan bi zauri zituela. Gaua erasotzailearen bila eman zuten poliziek; astelehen goizean, larrialdietan abisua jaso zuten gizon batek trenbidera salto egin zuela esanez Boluetan. Erasotzailea zen.

Segurtasun sailak jakinarazi duenez, astelehen goizean eman zioten senda-agiria emakumeari eta zauriak azalekoak ziren.

Eraso honen aurrean, Otxarkoagako Familia Elkarteak elkarretaratzea deitu du gaur, abenduak 9, 20:00etan, Kepa Enbeita enparantzan "Eraso sexistarik ez!" lelopean.