Max, Bilbon bizi den bederatzi urteko umea da, totela. Etxe askotan gertatzen den bezala, udako oporrekin batera kontziliazio zailtasunak ere heltzen dira, eta Maxek Udalak antolatzen dituen hiriko udalekuetan igaro beharko ditu goizak. Bertan Omar ume marokoarra, Txinako Miao eta gurpildun aulkian dabilen Beñat ezagutuko ditu. Euren jolasek eta udako jarduerek Hiriko txoko enblematikoenetara eramango dituzte. Bertan girotzen da Max Bilbon bizi da lana, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, irakurketa errazerako nazioarteko jarraibideei jarraituz, argitaratu duen umeentzako lehenengo liburua.
Laida Martinez Navarro idazle bilbotarraren testuak eta Asier Sanz Nietoren irudiak dituen eta euskaraz eta gaztelaniaz argitaratuko den lana Hiriko Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan eta Dislebi, Apnabi, Aspace edo Down Sindromea Fundazioa bezalako elkarteetan banatuko da. Horrez gain, liburu dendetan salgai egongo da (9,50 euro) eta Udal Liburutegi Sarean maileguan ere hartu ahal izango da.
Egitasmoak Ediciones Beta III Milenioren eta Irakurketa Erraza erakundearen laguntza du. Azken erakunde hori, edozein zergati fisiko, psikiko edo sozial dela eta irakurtzeko zailtasunak dituzten eta eskubide hori erabili ahal izateko material bereziak behar dituzten pertsonei irakurketa hurbiltzeko ari da lanean. Izan ere, aurreikuspenen arabera, irakurtzeko arazoak dituztenen eta, ondorioz, irakurketaz gozatzeko eta informaziorako eskubidea erabiltzeko testu bereziak behar dituztenen taldea biztanle guztien %30era hel daiteke.
Istorioaren protagonista Max da, hitz egiteko orduan arazo bat duen umea. Liburuak, integrazioa, adiskidetasuna edo norbera bizi den herriarekiko maitasuna, kasu honetan Bilbo, bezalako balioak azpimarratzen ditu. Egitasmo horren helburuen artean Irakurketa Erraza hedatzea eta formatu horretan oinarritutako literatura euskaraz egitea bultzatzea daude, izan ere, orain arte ez baitzegoen ezaugarri horiek zituen umeentzako euskarazko libururik, eta gaztelaniaz daudenak ere oso gutxi dira.
Bilbo
Max Bilbon bizi da umeei dago zuzenduta batez ere. Izan ere, ume askorentzat irakurtzea ez da erraza, batzuen kasuan, ikasketa zailtasun bereziak dituztelako eta material egokirik ez dutelako. Beste alde batetik, Estatu kanpotik heldu diren umeak edo familia etorkinetan jaiotakoak gero eta gehiago dira, eta ume horiek zailtasunak dituzte bi hizkuntza ofizial dituen ingurunean. Liburu honek oztopo horiek gainditzen ere lagundu gura du, irakurzaletasuna eta irakurtzeko ohitura eta hizkuntzaren ezagutza bultzatuz eta, aldi berean, Bilbo eta bertako elementu enblematikoenak erakutsiz.
Horrela, gure protagonistek euren gorabehera txikiak bizi dituzte hirian. Liburuko testuaren eta irudien protagonisten artean, Guggenheim Museoa edo Puppy, San Mames, fosteritoak, funikularra edo Gargantua edo Marijaia bezalako pertsonaia tradizionalak ere badaude.