Aitor Sarriegi, Oihana Bartra eta Miren Artetxe bertsolariak kultur trukaketa jardunaldian egongo dira

uriola.eus 2014ko abe. 11a, 14:42

Oraingo honetan, hiru bertsolariak Bartzelonaraino joango dira, protagonista glosa eta bertsoa izango dituen kultur ekitaldi batean parte hartzeko. Hitzordua larunbatean izango da, Gracia auzoko La Violeta Herri Kultura Zentroan. 

Kultur trukaketaren jarduerak egun osoan zehar luzatuko dira, baina ikus-entzuleek arratsaldeko ekitaldiekin gozatuko dute batez ere. Puntu nagusia 20:00etan izango da, bat-batekotasun saioarekin. Ainhoa Aranburuk aurkeztuko du saioa eta bertan bertsolariek eta glosadoreek (Carles Belda, Mireia Mena eta Ferriol Macip) hartuko dute parte, Pau Vinyolesen eta Marcel Marimonen musikak lagunduta.

Bestalde, aurkezpenak eta Karlos Aizpuruak eta Ander Elortegik emango dituzten prestakuntza saioak egongo dira. Eta ondoren, Jaume Fargasek eta Roser Texidok egindako ‘Glosadors’dokumentala eskainiko da, nerabe talde batek glosa ikasteko bizi duen prozesua hurbildu nahi duena.

Bilboko Kultura eta Hezkuntza Sailak hiri katalanarekin sinatutako elkarlanerako hitzarmenaren (‘Kulturak elkartuta’ programa) ondorio da bidai hau. Urrian lau kontzertu programatu ziren leku bietako musika tradizioei balioa emateko Bilborock Aretoan. Ekimenak leku guztiak agortu zituen, bertsolarien eta glosadoreen arteko topaketarekin. Beraz, asteburu honetakoa da trukaketa honen bigarren partea.