Estatistikak haustera

Erabiltzailearen aurpegia Josu Torre Altonaga 2014ko abe. 12a, 09:45

www.aspepelota.com

Bizkaia, Bilboko Miribillako frontoia, lepo beteko da datorren igandean, XXI mendeko pilota lehia deigarriena bertatik bertara bizitzeko. 

Aimar Olaizola, goizuetarra eta Juan Martinez de Irujo, iberoarra, nor baino nor, arituko dira Lauterdiko txapelaren bila. Aski ezaguna izan arren, argitu nahi nuke, esku pilota modalitate hau, banaka jokatzeaz gain, pilotak koadro edo marra horren aurretik egin behar duela punpa. Hortik datorkio kaiolako edo laburrean jokatzen den modalitatea ere izendatzea.

Jakina da urteotan frontoietako harmailak betetzen dituen nor gehiagoko bakarra dela, bi txapeldun hauen tartean jokatzen dena. Asko jaitsi da jende kopurua pilota modalitate denetako partidetan eta kasu bakana da Aimar eta Juan aurrez aurre ikusteko aukera dagoenean. Hori izango da, agian, final hori Bilbora ekartzearen arrazoia. Miribillakoak 3.000 jarlekutik gora ditu, Atano IIIren edo Ogetaren 1800/1900tik hainbat gora. Hala eta guztiz ere, dagoeneko iganderako sarrerak agortuak daude eta ez, hain zuzen, merkeak direlako. Kantxa inguruan ikusiko dutenak 100 eurona ordaindu dute eta merkeenak 50 euro balio du. Ziurtatua, beraz, harmailen betekada.

Zalantza gutxi dira, jadanik, Aimar Olaizola neurri honetako espezialista nagusia dela, neurri berean esan behar den bezala, Irujo ere ez dela esku motza. Zenbakietara joz, Goizuetakoak sei finaletatik sei irabazi ditu kaiola barnean (2002, 2004, 2005, 2008, 2012, 2013), Martinez de Irujok, sei jokatu eta bi irabazi dituen era berean (2006 eta 2010). Alegia, arestian esan bezala, XXI mendeko 13 txapeletik, zortzi bi hauek eraman dituzte. Frontoi osoko banakoan ere, hauek dira txapeldun handiak. Irujok bost txapel dituen artean (2004, 2006, 2009, 2010, 2014) Aimarrek lau lortu ditu (2005, 2007, 2012, 2013). Zenbaki hauetatik dator, datorren igandeko finalak estatistiketan duen garrantzia.

Esku pilotari izarren artean, beste marka bat ere preziatu eta ia lortu ezina, urteko hiruko edo tripletea egitea izaten da. Alegia, buruz burukoak, kantxa osoan eta Lauterdian eta binakakoa irabaztea. Juanek lortu zuen bata eta aurtengoan du aukera berri bat. Urteko eskuzko pilotaria denaren zalantzak uxatzeko.

Bata eta besteak finalera dakarren joko puntuaz ere ba da zer esanik. Irujok erabat makal hasi zuen lehiaketa, Xalaren aurka galduz eta pixkanaka gora etorriz. Azken bi partidetan, Ezkurdiaren aurkako entsegua tarte, haren garairik hoberenetako irudia eman du iberotarrak. Serio, ziur, bi eskuaz ongi astinduz eta zertan dagoen erabat zentratuz. Ez da Irujo beti horrela aritzen. Adierazpenak ere ildo beretik egin ditu Juanek.

Aimar, erregularra izan da txapelketa osoan, baina apaletik neurri batean, estu uneak jasanez, hain zuzen. Igandeko partidaren atariko adierazpenak ere ez dira su ziriak botatzekoak. Dena den,  jakina da Olaizolak “negarti” fama duela holakoetan eta eguna iristerakoak bereak eta bi egiten dituela kantxan.

Dena denagatik, faborito txartelak bien artean banaturik daude eta, ia beti bezala, Goizuetaren aldekoak gainetik dira. Hainbat urtez pilota hurbiletik jarraitu dudan hau blaitu arte bustitzen denetarikoa naizenez, oraingoan, puntu pare bat gainetik jartzen dut  Martinez de Irujo eta tori emaitza: Irujo, 22; Olaizola, 15