Bilboko Udal Musika Bandaren Udazkeneko denboraldia, Euskalduna Jauregiko Auditorioan egiten dena, igandean, amaituko da. Urtea behar bezala agurtzeko, Udal Bandak Bilboko Koral Elkartea gonbidatu du. Horrexegatik, Bandak eta Koral Elkarteak kontzertu berezi bat emango dute Iñaki Urkizu (Bandaren zuzendariordea) eta Julio Gergelyren gidaritzapean. Ikuskizuna 12:00etan hasiko da Euskalduna jauregiko Auditorioan. Sarrera 5 eurotan izango da eta jauregiko txarteldegian jaso daitezke kontzertuaren egunera arte, BBK-ko kutxazainetan eta www.euskalduna.net webgunean.
Kontzertuan, Marta Ubieta soprano bilbotarrak programako zenbait doinu eskainiko ditu bakarlari gisa, hala nola, 'El barberillo de Lavapies' zarzuelako 'Canción de Paloma' kantu ezaguna eta Eguberrietako 'Aurtxo polita' eta 'Ator Ator' euskal kanta tradizionalak.
Musika Banda osatzen duten 40 musikari baino gehiagok eta Koral Elkarteko ahotsek Reveriano Soutullo, Francisco Asenjo Barbieri, Manuel Fernandez Caballero edota Federico Chuecaren zarzueletatik ateratako doinu arras ezagunen aukeraketa bat eskainiko dute kontzertuaren lehenengo zatian.
Kontzertuaren bigarren zatia, John Williams konpositoreak Steven Spielberg-en 'Amistad' filmaren soinu-bandarako osatu zuen 'Dry your tears' delako lan zirraragarriaz hasiko da. Ondoren, bertaratutakoek euskal kanta ezagunez gozatzeko aukera izango dute, 'Oi Ama Euskal Herria' (Benito Lertxundi), 'Lau Teilatu' (Juan Carlos Perez) eta 'Aurtxo Polita' (Gabriel Olaizola) tarteko direla, bai eta Buenaventura Zapirainen 'Txanton Piperri' operako aria eta azken himnoa ere, Luis Maria Uriarte baritonoa bakarlariaren ahotik.