Boga garagardoaren behin betiko zaporea dastagarri

bertonaldizkaria 2014ko abe. 22a, 10:00

Alde Zaharreko taberna batzutan dastatzeko aukera dago. Boga garagardoa, pilsen lager motakoa, unean bertan presioarekin zerbitzatua. “Poteorako garagardo” moduan definitzen du Urtzi Ugalde Boga kooperatibako kideak.

Udatik hona jendartean proba saioak eginez adostu dute zaporea, gehiengoak gogoko duena hautatuta. “Dastatu, errezetak frogatu eta poliki-poliki egindako lana” izan da. Botilan, aurrerago merkaturatuko dute, Boga proiektuak bigarren edo hirugarren pausoa ematen duenean, eta orduan bestelako garagardo zaporeak ekoiztuko dituzte.

Momentuz, hitzordu nagusia, botaldia, San Tomas egunean finkatu dute. Bilbo hiriaren eta hiritarren egun handietakoa batean. “Konpartsekin batera kaleratuko dugu Boga”, aurreratu digu Ugaldek. Hortaz, abenduaren 22an, astelehena, San Nikolas eliza ondoan kokatu ohi den konpartsen txosnara bertaratu beharko du dastatu nahi duenak.

2015 urtean aurrerapen handiak egingo ditu garagardoak. Nafarroan ekoiztetik Bizkaian ekoiztera pasako da. Urtarriletik aurrera Nafarroako mikro-garagardotegia utzi eta Mungiako industria pabilioi batera leku aldatuko dira Bogako lagunak. Egun, ekoizpen gune propioa izango dena atontzen ari dira: “Obra egiten eta tramankuluak muntatzen”.

Inbertsio “potoloa” eskatzen du garagardo naturala sortzeak. Horretarako zazpi laguneko talde eragileak (sei bilbotar eta kataluniar batek) ekoizpen kooperatiba eratu du. Hainbat arlotako “gazte ekintzailek” dira. Urtzi Ugaldek azaldu digunez, helburutzat dute “bertako enplegua sustatuko duen proiektu sendoa eta iraunkorra eraikitzea”. Finantziazio etikoaren alde egin dute, eta Coop-57 kooperatibatik eskuratu dute beharrezko zuten inbertsioa. Bermea 100 pertsonak eman diete. Hortaz, komunitate zabal baten babesa lortu dute. Norbanakoak, tabernariak, elkarteak eta konpartsak daude tartean. “100 bogalari”, Urtziren hitzetan. “Den-denok gaude norabide berean arraun egiteko prest”.

Berezitasunak

Garagardozaleak izan dira eta dira Bogalariak. “Kontsumo eta aisia aternatibetan” eskarmentua dute eta duela urtebete hartu zuten erabakia. Joan den apirilean sortu zuten “zazpi gazte gogotsuk” kooperatiba. “Tokiko produktu eta kooperatiba sisteman” oinarrituta. Ezaugarri horiek ditu Boga garagardoak, eta horiek bereizten dute. “Gure asmoa tokiko garapen ekonomikoan eta kulturalean eragingo duen artisau produktua egitea da”, diote.

Garagardo asko dago merkatuan. Geroz eta marka gehiago heltzen dira denda eta tabernetara. Besteak beste, “azken bost urtetan” nabarmen hazi da artisau garagardo edota garagardo naturalen ekoizpena. Arrazoia garagardo industrialen garapenean dago Ugalderen iritziz. “Estandarizatu” egin dira garagardo etxe handiak; “ez dute bezeroa asetzen”. Bestetik, kontsumitzaileak “geroz eta zorrotzagoak” dira produktuarekin. Garagardo “desberdinak” eskatzen dituzte, “tokikoak”, “kalitate gehiago dutenak”, “goxoagoak”. Industrialekin alderatuz gero, Ugalderen arabera, mikro-garagardoek “kalitatea dute banderatzat”.

 

boga.eus