Adinekoak babesteko 'Begirada aktiboa' programari amaiera eman diote

uriola.eus 2014ko abe. 15a, 12:15

Adinekoentzako boluntario-sarearen bitartez, programa abiatu eta urte bat geroago, 215 kasu aurkitu dira, eta horietako %11 larriak izan ziren. 

Bilboko Udalak Gizarte Ekintza Sailaren bitartez 'Begirada Aktiboa' programaren ondorioei buruzko txostena ezagutzera eman du. 'Begirada Aktiboa' nagusien arteko elkartasun-sarea da, boluntario eta elkarteen artean bakardadea eta babesik eza sufritzen dituztenak identifikatzeko eta Udal Gizarte Zerbitzuen bidez haien egoeran esku hartzeko.

Txosten honen emaitza onei nahiz nagusiak egoera horiek aurkitzeak eta bideratzeak duten garrantziaz jabetzeari esker, programak aurrera jo eta kasu berriak bideratzen jarraituko du.

2013ko urrian Gizarte Ekintza Sailak Gizarte Zerbitzu Integratuen Taldearen eta La Caixaren Gizarte Ekintzaren lankidetzarekin 'Begirada Aktiboa' programa aurkeztu zuenetik, 215 kasu aurkitu dira adinekoen boluntario-sarearen eta gizarte-sare solidarioaren bitartez (gizarte-antenak deiturikoak). Kasu guzti horiek larritasun-mailaren arabera katalogatu ziren.

Proiektu honetan parte hartzeko proposatu ziren Bilboko 53 nagusi-elkarteen %84ak modu aktiboan parte hartu zuen, beren 83 bazkide aurkeztu zituzten "gizarte-antena" gisa prestatu zitezen -bakardadean bizi direnak aurkitzeko erreferentziako pertsonak-, Bilboko Gizarte Antenen gaur egungo Sarea osatu arte.

Gizarte-arriskuari eta bakardadeari buruzko irizpideak bateratzeko asmoz eskainitako 8 orduko prestakuntza eskaini ondoren, 12 jardunalditan lan egin zuten gizarte-sareak esku hartu beharreko egoerak zirenak eta ez zirenak argitu nahian.

Bilboko auzoetan egindako lehenengo esku-hartze honen ondorioz, "bakardadearengatik gizarte-arriskuan egon litezkeen" 215 kasu identifikatu zituzten. Proposatutako kasuak Gizarte Ekintza Sailaren datuekin alderatu ziren. Gainera, 113 pertsonaren egoeraren berri ez zegoen eta haiek bisitatzeari ekin zioten, "gizarte-antenek" jakinarazitako bakardabeko egoeren berri bertatik bertara edukitzeko eta, bide batez, Udalak bilbotarren esku ipintzen dituen zerbitzu eta gizarte-baliabideei buruzko informazio helarazteko.

Bisita hauen ondorioz, pertsona horien %11k udal gizarte-zerbitzuen berehalako esku-hartzea jaso behar zutela ikusi zen. Etxebizitza horiek berriro bisitatu zituzten eta haien beharrizanen araberako eskaintzan aurrera egiteko asmoz informazio gehiago eskatu zitzaien haien ingurukoei (senideak, osasun-etxea, bizilagunak, etab...).

Aurkitutako pertsona guztietatik 72ren kasuan 2014an jarraipena egin da, arrazoi desberdinak direla medio:

• Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuaren onuradunak: 25 kasu.

• TEPA (Telealarma sistema): 5 kasu

•  Mendekotasunaren Kudeaketa: 24 kasu

• Laguntza ekonomikoei lotutako izapideak, GLLak: 5 kasu

• Baliabide eta prestazioei buruzko informazio orokorra: 13 kasu

Honako Sarea osatzea lan gogorra izan arren, emaitzak nabariak dira; behin dagokion lan-eremuan ezarrita, hurrengo erronkak finkatzea eta zabaltzea izango dira.

75 urtetik gorako Adinekoen Behatokia

Boluntarioen sarearen bitartez bakardade eta babesbako egoerak lehenbailehen identifikatzeko beharrizanaren berri ematen jarraitu dezaten, "Gizarte Zerbitzu Integratuek" 75 Urtetik gorako Adinekoen Behatokia izeneko programa berria abian ipini dute. Haren lehenengo pausuak Deustun eta Abandon eman dituzte.

Plan berriaren xedea 75 urte baino gehiago dutenen eta Gizarte Ekintza Sailaren arteko komunikazio-ildo berria osatzea da, jende-multzo honetako bizi-baldintzak eta laguntza beharra sakontasunez behatu ahal izateko.

Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuko 30 Laguntzaile, 15 barruti bakoitzeko, lanean dabiltza lehenengo fasean. Bigarren fase batean San Frantzisko eta Santutxura zabalduko da, hogeita hamar laguntzaile gehiagorekin.

Laguntzaileek lan egiten duten etxebizitzetako ingurukoei eskura dauzkaten udal gizarte-baliabideak zeintzuk diren jakinaraziko diete, Gizarte Ekintza Sailera egon litezkeen eskaerak bideratzeko. Gainera, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetatik artatu daitezkeen larrialdiak zeintzuk diren argituko dute.

Azkenik, bakardadeko egoera berriak aurkitzeko Bilboko Adinekoen Elkarteak haien "antenak" prest edukiko dituztela gogorarazi behar dugu.