uriola.eus

The Jesus and Mari Chain, Ben Harper eta Counting Crowns BBK Live Jaialdian izango dira

  Kultura-aisialdia

Hiru talde hauek dira hurrengo Bilbao BBK Live jaialdiaren kartelean sartu diren azken 14 banden artean garrantzitsuenak. Horien artean nabarmentzen dira, halaber, Future Islands, Arizona Baby eta Bilboko Zea Mays taldea.

The Jesus and Mari Chainek oso bira berezi baten barruan eskainiko du emanaldia. Bira horretan beren estreinaldiko diskoaren, ‘Psychocandy’ (1985) izenekoaren 30. urteurrena ospatuko dute, eta 2015ean Estatuko jaialdietan emango duten kontzertu bakarra izango da. Bilbok aire zabaleko musikarekin daukan hitzordu handi hori uztailaren 10, 11 eta 12an egingo da, eta aurretiaz baieztatutako beste artista batzuen artean Museren emanaldia izango da.

The Jesus and Mary Chain William eta Jim Reid anaiek sortu zuten Glasgow inguruan, eta post-punkaren errege bilakatu ziren 80ko hamarkadaren erdialdean. Banda honen nortasunaren ezaugarrietako batzuk dira The Velvet Undergrounden eragin nabarmena, pop soinua forma aldetik, baina distortsio handia ere gitarretan, eta ikusleen aurrean probokazio-jarrera. Hala, gerora sortu diren talde handietako askotan aztarna utzi dute. Britainia handiko talde hori kartel buruetako bat izango da, eta Kobetamendin pop soinua eta aldi berean antipop soinua dituen eta rock musikan benetako mugarria jarri zuen ‘Psychocandy’ diskoko abesti guztiak joko ditu.

Ben Harper bere bandaren, Innocent Criminalsen buru dela itzuliko da Bilbora, 2008az geroztik haiekin eszenatoki bat konpartitu gabe egon ondoren. Denbora horretan, Kaliforniako gitarra-jole eta musikariak bi disko grabatu ditu banda diferente baten laguntzarekin, Relentless7 izenekoekin, beste hainbat musikariri lagundu die –adibidez Ringo Starri-, Fistful of Mercy supertaldea sortu du, eta disko bat argitaratu du bere amarekin, Ellen Harperrekin, beste hainbat proiekturen artean.

Counting Crowsek, bere aldetik, ospea ‘Mr. Jones’ kantarekin lortu zuen, eta oso ezaguna izan zen 90eko hamarkadan. Ordutik hona, rock alternatiboaren barruan bere lekua defendatzen jarraitu dute lan bikainekin. Aurten ‘Somewhere Under Wonderland’ argitaratu dute, euren zortzigarren estudio-diskoa, eta jada Estatu Batuetako arrakasten zerrendetako Top Tenera heldu dira.

Baltimorreko Future Islands synthpop banda ere jaialdiaren hamargarren urteurreneko kartelean egongo da. Aste honetan bertan albiste izan dira. Izan ere, beren ‘Seasons (Waiting On You)’ kanta ‘2014ko kantarik onena’ dela esan du Pitchfork musika-aldizkari garrantzitsuak.

Baieztatutako lau banda nabarmen horiei honako hauek ere batu zaizkie: The Cat Empire Australiako ska eta jazz banda; Capital Cities Kaliforniako indie pop bikotea; Irlandako Kodaline (lehen 21 Demands zirenak) eta The Ting Tings; azken horiek disko berria daukate, eta Kobetamendiko ikusle guztiak dantzarazteko asmoz itzuliko dira, aurreko batean ‘Thats No My Name’ bezalako hit-ekin egin zuten bezalaxe.

Delorean, oraingo euskal bandarik nazioartekoenetako bat, Bilbora itzuliko da datorren udan Bilbao BBK Liven jotzeko. Hamaikagarren edizioan Shaka Ponk Frantziako rock esperimentaleko bandaren zuzeneko emanaldia ere egongo da, iaz beren kontzertua bertan behera geratu ondoren, eta Britainia Handiko pop elektronikoko Zoot Woman taldearena. Gainera, Arizona Baby rockero bizardunak ere kartelean sartu dira, orain gutxi argitaratutako ‘Secret Fires’ izenburuko hirugarren diskoarekin helduko dira.

Bilbon landutako rockaren ordezkariak Zea Mays izango da. Azkenik, 14 banda berrien zerrenda Novedades Carminha garaje-punkeko galiziar hirukote ganberroak osatzen du.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa