Dena prest dago larunbateko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako final handirako. Hitzordua 17:30ean hasiko da Miribillan, Bilbao Arenan; eta bertan, zortzi finalistak bertsotan entzuteko aukera izango dugu. Hainbat aurpegi ezagunak zaizkigu hitzordu honetan baina Oihana Bartra santutxuarra eta Xabat Galletebeitia lehengo aldiz sailkatu dira finalerako.
Final honetara heltzeko, udaberrian, eskuladeetako txapelketak gainditu behar izan zituzten zortziek Bizkaiko zortzi eskuladeetan; ondoren, udagoieneko fasean, txapelketak hiru fase eduki ditu: bost kanporaketa, hiru finalaurreko eta larunbateko finala.
Aurten, Kristina Mardarasek jantziko dio txapela irabazleari. Bere esanetan, "ohorea" da bera aukeratu izana eginkizun horretarako eta edonori txapela "gustura" jarriko badio ere, ilusio berezia egingo lioke aurtengo txapelduna emakumezkoa balitz.
Larunbateko hitzordua 17:30ean hasiko bada ere, ateak 16:00etan irekiko dituztela jakinarazi dute antolatzaileek. Era berean, oraindik ere, sarrerak eskuragai daudela gogora ekarri dute. Hauek, www.bertsosarrerak.eu orrian edo larunbatean bertan, 14:00etatik aurrera, txarteldegian eskuratu daitezke.