Bilboko Udalak, Bilbao Ekintzako Enpresak Sustatzeko Arloaren bitartez, eta Merkatarien Elkarteekin, Bilbao Dendakekin, Bilboko Udal Musika Eskolarekin eta Radio Nervionekin lankidetzan, ekitaldi programa interesgarria antolatu du abenduaren 19rako eta 20rako. Ekitaldi horiek Bilboko kaleetan egingo dira. Merkataritzari laguntzeko ekimen horren xedea Bilboko kaleak eta auzo guztiak girotzea da, familia eta lagunarteko jai giroarekin, Bilbon erosketak egitea are atseginagoa izan dadin.
25 talde koral eta orfeoi izango dira egitasmo honen parte hartzaileak, tartean baita Bilboko Udal Musika Eskolako bost talde ere, flautak, albokak, txistuak eta saxoak. Den-denek musika bikaina eskainiko dute Bilboko hamabi merkataritza-eremutan, 18:00etatik 19:30era, abenduaren 19an (ostirala) eta 20an (larunbata). Larunbat horretan, goizez ere arituko dira, 12:00etatik 13:30era; hala, horrek dakarren animazioaz eta jai-giroaz gozatzeko aukera egongo da.
Auzo eta merkataritza-eremu hauek parte hartuko dute ekimen honetan: Zazpi Kaleak, Erriberako Merkatua, Zorrotza, Abando, Indautxu, Deustu, Rekalde, San Inazio, Ibarrekolanda, Elorrieta, Otxarkoaga, Santutxu, Txurdinaga, Basurtu, Bilbo Zaharra eta Uribarri.
Koruak eta orfeoiak gure kaleetan
Merkataritza dinamizatzeko kanpaina honetan, honako hauen musika onaz gozatu ahal izango dugu: San Anton Orfeoia, Indautxuko Lagunen abesbatza, Pleamar korala, Mikel Deuna, Bilbotarrak, Gitarraren lagunak, Ekidazu, Mendibaiarte Korala, Iralako San Antonio, Deustoarrak, Arraizpe korala, Gaudeamus Hodie, San Inazio korala, Otxarkoaga Elkarte Korala, Garaizar´ko Matsorriak, Mendiona Korala, San Fran Korue, Emays korua, Orfeon Barakaldes orfeoia, Urioste orfeoia eta Bilbao Musika abesbatza.
Flautak, albokak, txistuak eta askoz gehiago
Horrez gain, kaleak animatzeko eta merkataritzari laguntzeko jarduera horietan, Bilboko Udal Musika Eskolako talde hauek entzun ahal izango dira: Bi txistulari-talde, Uribarritik, San Inaziotik, Ibarrekolandatik eta Elorrietatik, larunbatean; saxoen taldea Txurdinagan, ostiralean; flauta taldea Indautxun, larunbat arratsaldean; eta alboka taldea Deustun, larunbat arratsaldean.
Bestalde, Bilboko auzo desberdinetako merkatarien elkarteek hainbat jarduera antolatu dituzte abenduaren 19rako eta 20rako, bai eta Gabonetarako ere, dagoeneko oso hurbil daude-eta. Horien artean, hauek nabarmentzen dira: pazko-loreak oparitzea, egutegiak edo erosketa-poltsak, txokolatadak, kalejirak, errege-opilak banatzea, txu-txu trena, erosketa-baleak eta afariak zozketatzea, baita Umeen Gabonetako Parkea eta Olentzero ere. Jarduera horiei buruzko informazio gehiago jasotzeko, Bilboko merkatarien elkarteen webguneak kontsulta daitezke.