Etorkinen inguruko zurrumurru eta estereotipoen aurka

uriola.eus 2014ko abe. 18a, 14:14

Argazkia: www.caritasbi.org

Zurrumurruen aurkako 'Argi Ibili–No te enCalles' estrategiaren bidez, Etorkinen Nazioarteko Egunarekin bat etorriz (abenduak 18), Caritas Bizkaia kalera irtengo da kale ekintza publiko bat egiteko. Jakin-mina eta harridura sortu nahi du Caritasek, eta batez ere, "denon artean eraiki nahi dugunari" buruzko gogoeta eragitea.

Giza Eskubide batzuekin gertatzen den legez, "eskubide asko erabaki politiko edo ekonomikoen arabera baldintzatuta eta urratuta daude" Caritasen iritziz. "Ahaztu egiten zaigu giza duintasunaren berezko eskubidea dela".

Etorkinen fenomenoaz hitz egitean, "ezin dugu ahaztu pertsonei buruz ari garela". Sentitu egiten duten pertsonak dira: lan egiten dute, zergak ordaintzen dituzte, ikasketak burutzen dituzte, barre egiten dute, sufritzen dute eta gozatzen dute, hemen jaiotakoek bezala. Eskubide eta betebehar berberak dituzte, egunero-egunero beren zergak ordaintzen dituzte ogia erosi edo metroa edo autobusa erabiltzen dutenean. Ez daude "haiek" eta "gu"; "denok gara gizarte bereko kideak eta pertsonak, maila berean".

Gizarte bateratu eta kohesionatu bat sortu ahal izateko, "benetan uste dugu estereotipo eta aurreiritziak alde batera utzi behar ditugula, eta zurrumurru faltsuei aurre egin, argudio sendo eta fidagarrien bidez". Horrela lor daiteke "elkarbizitza" Caritasen ustez. Elkarbizitza horretan ere gatazka egon daiteke, "noski", baina horiek kudeatzeko orduan errazagoa izango da aukera baketsuak ematea. "Elkarbizitza aberasgarria nahi dugu, pertsona guztiok gizarte beraren eraikuntzan jardungo duguna, balio hauetan oinarrituta: errespetua, elkarren arteko ezagutza, elkartasuna eta eskubide eta betebehar berdintasuna; gizarte hori osatzen duten herritarrak nongoak diren kontuan hartu gabe".

'Begirada aldatuta, etorkizuna aldatuko dugu' leloari jarraituz, pertsona orok "lekua edukiko duen etorkizuna izango da, aniztasunak gizarte aberatsagoa, sendoagoa, gizatiarragoa eta bidezkoagoa eraikitzen lagunduko baitigu".

 

www.caritasbi.org