Urte honetan zehar, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak jarduera egitarau zabala jarri dau martxan 1864ko irailaren 29an, Miguel de Unamuno Bilbon jaio zaneko 150. urteurrena ospatzeko. Programazino bereziari bariku honetan, abenduaren 19an, emongo jako amaierea, Bidebarrietako Liburutegian Enclaves de Unamuno dokumentala eskainiz.
Enclaves de Unamuno lanak, egile bilbotarraren azken urteak jaso zituan Salamancako hainbat lekutatik ibilbidea erakusten dau. Proiekzinoa amaitzean barriketaldia zabalduko da, eta bertan, hainbat adituk, Unamunok bizi izandako uriakazko hartu-emonak azalduko ditue. Esangura horretan, José Antonio Ereño Deustuko Unibersidadeko irakasle eta Unamunoren kontuetan adituak, saiakeragileak bere jaioterrian emon zituan lehenengo urteak azalduko ditu. Bertan egin zituan umezaro osoa eta gaztaroaren hasierea, 16 urte egin arte, eta beti izan eban uri hori bizirik bere oroimenean.
Marcial Morera Tenerifeko Santa Kruzeko La Laguna Unibersidadeko Filologia Hispaniarreko doktoreak, Fuerteventurako erbestean bizi izan zituan urteak aztertuko ditu; Jean-Claude eta Colette Rabaték Parisen eta Hendaian bizi izandakoaren barri emongo dabe, eta Pablo de Unamuno idazlearen bilobetako batek, haren bizialdiaren parte nagusia bizi izan zan eta hilten ikusi eban uriagaz, Salamancagaz, izan zituan hartu-emonen ganeko datuak emongo ditu.
Unamunori eskainitako omenaldi ekitaldiak urtarrilean hasi ziran, Miguel de Unamuno XV. saiakera sariaren deialdiagaz. Ondoren, pentsalariaren lanaren hainbat alderdiri buruzko berbaldiak egin dira, hilero: bidaiatzeko eban zaletasuna, poesia, tokiko politikan izan eban zeresana, haren garaiko beste pentsalari batzuekaz izan ziruan hartu-emonak, Ortega y Gassetegaz, berbarako, Niebla eleberria argitaratu zaneko mendeurrena, besteak beste. Jarduera horreetan guztietan goi mailako adituek hartu dabe parte.
Bilbotarrek interes handiagaz jaso dabe ekimen hori. 1.500 lagunek hartu dabe parte berbaldietan eta ekintzetan, eta 1.000 baino gehiago izan dira joan dan irailean Euskal Museoan inaugurau zan Miguel de Unamuno eta argazkigintzea erakusketea bisitau dabenak. Horrezaz gan, azpimarratzekoa da Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ia 500 ikaslek hartu dabela parte urteurrena ospatzeko antolatu diran bisita gidatuetan.