Dena prest Bizkaiko Bertsolarien finalerako

uriola.eus 2014ko abe. 19a, 12:06

Jendea bero-bero dago larunbateko hitzorduari begira; dagoeneko bakoitzak badu bere irabazlea. Gaurkoan, URIOLA Elorri Bertso-Eskolako ikasleekin egon da eta haiek argi daukate txapela Etxahun Lekuek jantzi behar duela. Final handia bertsoa.com agerkarian zuzenean ikusteko aukera izango dute Bilbao Arenara gerturatu ezingo diren lagunek.

Larunbatean, abenduaren 20an, Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Iratxe Ibarra, Jone Uria, Oihana Bartra, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia Bilbao Arenako oholtzara igoko dira #Josi Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala jokatzera. Jendetza bertaratuko da Kristina Mardarasek txapela nori ipiniko dion ikustera.

Hitzordua 17:30ean izango da Miribillan, Bilbao Arenan. Aurtengoan, hainbat aurpegi ezagun egongo dira eta Oihana Bartra santutxuarra eta Xabat Galletebeitia lehengo aldiz arituko dira final honetan.

URIOLA Deustualdeko Elorri Bertso-Eskolako ikasleekin egon da. Haiek argi daukate aurten, txapela buruz aldatuko dela eta denek, Etxahun Lekueren aldeko apustua egin dute.

Saioa zuzenean ikusteko aukera

Larunbateko final handia zuzenean jarraitu ahalko da bertsoa.com web gunean eta iganderako bertsoaldi hautaketa zabala jarriko dute sarean.