Umorea eta Paia nagusi Bizkaiko Bertsolari Txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2014ko abe. 22a, 09:21

Josi eta josi, josi eta josi. Horrela aritu da zortzikotea larunbatean Miribillako oholtza gainean. 4.350 pertsonaren begiak bertsoan iltzatuta; asmatu dute orratza trebe erabiltzen. 17.30etan puntuan hasi dute saioa, belarriak adi eta mingainak ahalik eta geldien zituzten entzuleen aurrean. Ia bost orduz bertsoa josten ibili dira Bibao Arenan.

Orain astebete hil berri den Jose Alberdi ‘Txo’ bertsolariari eskaini dio Bertsozale Elkarteak finaleko saioa. Hurrenkera honetan igo dira oholtzara: Xabat Galletebeitia, Fredi Paia, Arkaitz Estiballes, Onintza Enbeita, Iratxe Ibarra, Jone Uria, Etxahun Lekue eta Oihana Bartra. Lehenengo finala zuten Galletebeitiak eta Bartrak eta lan txukuna egin dute biek.

Zortziko nagusian eta zortziko txikian egin dituzte lehenengo bi ariketak bertsolariek. Fin aritu dira baina lehertu gabe. Hamarreko txikian berriz, saio dotorea egin dute Estiballesek eta Galletebeitiak, gaia umoretik hartuz. Saskibaloiko treminologian”hirukoa” sartzea lortu dutela esango genuke. Honakoa zen gaia: “Euren buruaz beste egitera joan dira Arkaitz eta Xabat kotxeko gasa irentsita. Arkaitzek bost minutuan itxaroteko esan dio”. Ordura arteko ildoari jarraituta ariketa honetan ere umorea nagusitu da, gaiak beste ibilbide bat hartu zezakeen arren.

Eskertu du entzuleak ofiziotako ariketetan bertsolariek eskainitako freskotasuna eta arintasuna. Behin bikotekako lanak bukatuta banakakoetara pasa dira. Puntuka ale politak laga dituzte.

Etxauhun Lekue beheraka joan da bakarkakoan egindako potoarekin, gainontzekoek maila onean erantzun diote nahi zuten doinu eta neurrian bi bertso botatzeko ariketari.

Bertsolariak jostun lanetan ziharduten bitartean, olatuek busti dute Miribilla; Galletebeitiaren lagunak marea horia ekarri dute Lekeitiotik Bilbora. Bartrarenak berriz, instrumentuz josita egon dira harmailetan.

Giroa berotuta alfabetikoki Arkaitz Estiballes eta Fredi Paia pasa dira buruz burukora. Koxka bat gora egin du saioak azken txanpan. Umorea nagusi berriz ere. Bakarkako lanetan biak bikain aritu badira ere, Paiaren azken bertsoarekin eztanda egin du Miribillak. Aurreko bi bertsoetan bete lana ondo egin ondoren azken bertsoarekin lehertu du: “Ta apurka itzaliz doa / nire gibel dinamoa / jada alokatu behar dut / hileta poligonoa / harrizko mauselo ta / denetzako solomoa. / Emailerik ez badator / ta ordaindu barik banoa / nire patez pagaizue nire hilkutxako ebanoa”.

22:00ak inguruan iragarri dute txapeldunaren izena: “2014ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapelduna Fredi Paia”. Eztanda berriro Bilbon, “Aupa Fredi” oihuak bata bestearen atzetik, entzuleak tente emozioz txaloka. Zirrarak hartu ditu bertaratutakoen begi, belarri eta ahoak.

Kristina Mardarasek jarri dio txapela Paiari eta jarraian txapeldunaren agurrarekin bukatu da batzuentzat eta hasi da besteentzat festa.

Finaleko bertsoak entzungai daude bertsoa.com atarian.

Puntuazioa

Fredi Paia: 901 puntu

Arkaitz Estiballes: 874, 50 puntu

Etxaun Lekue: 512 puntu

Oihana Bartra: 482,5 puntu

Jone Uria: 482 puntu

Onintza Enbeita: 479 puntu

Iratxe Ibarra: 478 puntu

Xabat Galletebeitia: 552 puntu

Informazio gehiago

Bertsolariek Bizkaiko Bertsolari Txapelketa nola lantzen duten azaltzen duen erreportajea egin zuen ARGIAk.