Urtero bezala, eta herri, auzo eta leku askotako ohiturari jarraituz, Txurdinagako lagun talde bat kale ertz batean bildu gara gure pankarta, bozgorailu, eta musikarekin gure ustez oinarri-oinarrizko eskubide bat aldarrikatzera: euskal presoak behingoz ekar ditzatela Euskal Herrira. Gizatasunezko eskaria da, mundu guztiak zentzunezkoa ikusten duena. Izan ere gaurko egoerak, presoak 800-900 kilometrotrara eramateak zigor izugarria suposatzen du haien aita-ama, senide, seme-alaba, emazte, lagun... Eta hantxen geunden esaten ari naizen bezala, Kirikiño ikastolako aita-amak beren seme-alaba txikiagoekin ikastolarako bidean gure parera iritxi direnean. Ikusmina sortu zait barnean: ea zer egiten duten gure aurretik pasatzean: aukera posibleak anitzak dira: une batez elkartasuna adierazi; agian haserre aurpegia jarri euskal presoak ezer merezi ez dutela adierazteko...
Gehienak ordea, begiratu ere ez dute egin nahiz eta horretarako lurrera begira pasatu behar izan. Ez dut sumatu aita-amarik euren seme-alaba txikiari guk zer eskatzen genuen argitasunak ematen... Seguru nago barne-barnean izango zirela presoen eskubideak errespetatzea eskatzen duen jendea ere, baina gaur... Barnean "halako gauza triste bat" sentitu dut bertsolari zaharrak abestu zuen bezala. Guraso hauek inoiz adieraziko ote diete euren seme-alabei zer gertatzen den Euskal Herrian? Zergatik horrenbeste jende pasatu den gure artean kartzelatik? Zergatik dauden preso horiek hemendik horren urruti? Zer suposatzen duen horrek zigor erantsia bezala preso horien etxekoentzat eta lagunentzat? Zein epaik kondenatu ditu senideak horrenbeste sufrimentura?
Seguru nago ikastolako idearioan oso gauza ederrak agertuko direla: giza balioak, errespetoa, soilidaritatea, elkarren laguntza... Ez dut uste jende gaiztoak direnik, seguru nago sentimendu onak izango dituztela, baina egoera zehatz baten aurrean planto egin ordez, mila arrazoi aurkituko dute lurrera begira isilik-isilik aurrera jarraitzeko. Gure amak zioen modura, horren begiluzea ote naiz?