Olentzerok eta Mari Domingik berdintasunaren aldeko keinua egitera gonbidatuko dituzte herritarrak

uriola.eus 2014ko abe. 26a, 08:25

Eraso sexisten aurkako kanpainan Marijaiak egin zuen bezalatsu, Gabonetako pertsonaiek emakumeen eta gizonen berdintasunezko harremanen eta indarkeriarik gabeko harremanen aldeko konpromisoari eusteko gonbitea egin nahi diete herritarrei.

Herritarrek Gabonetan ere emakumeen eta gizonen berdintasunezko harremanen eta indarkeriarik gabeko harremanen aldeko konpromisoari eutsi diezaioten, Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Sailak errespetuzko jokabideen aldeko eta sexu-erasoen aurkako jarreretan oinarritutako kanpaina bultzatuko du.

Herritarrak berdintasunaren aldeko keinua egitera Marijaiak gonbidatu bazituen Aste Nagusian, oraingo honetan, Gabonetako protagonisten txanda izango da eta hortaz, Olentzerok eta Mari Domingik hartuko dute lekukoa.

Euskal Herriko ikazkinik famatuena eta Mari Domingi izango ditugu kanpainako irudia. Kanpaina gaurtik urtarrilaren 4ra bitartean egingo da Bilbobuseko hamar lineatan eta leloa hau izango da: “Tematzea jazartzea da. Jazartzea erasotzea da”. Horrekin, errespetuan oinarritutako harremanen aldeko deia egin gura dute; izan ere BAI esatea BAI da, baina EZ esatea EZ da, eta hori errespetatzen ez duten ekintza guztiak erasotzat jo behar dira.

 

Bilboko Udalaren Gizarte Larrialdietako Zerbitzua (gau eta egun): 94 470 14 60

Udaltzaingoa (gau eta egun) 092 / 112

Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Saila (goizeko ordutegia): 94 420 48 38