2015ko udararako brigadak antolatzen hasi da Askapena eta izen emate kanpaina abian dela eta brigadak zer diren azaltzeko Bilboko Askapenako kideek deialdi berezia egin zuten. Mural margoketa batekin ekin zioten arratsaldeari eta herrialde ezberdinetako banderak lagun kalejira internazionalista bat burutu zuten alde zaharreko kaleetan barrena. Musika lagun Bilbo Zaharrerantz hurbildu eta pintxo bereziak dastatzeko aukera izan zuten bertaratuek.
Giroa eginda, korroan batu eta mikrofonoaz brigadak zer diren azaldu zuten Askapenako kideek. Joan etorriko internazionalismoaren garrantzia azpimarratuta, brigadak “herrien askapenean borrokan ari garenon arteko harremanak eraikitzea” dela azaldu zuten. Gaztela, Aragoi eta Herrialde Katalanak izan ziren pasa den urteko brigada helmuga berriak eta aurten ere herrialde berri gehiago ere izango direla baieztatu zuten, urtarrilean azalduko dituztenak.
Datozen hilabeetan, aurreko urteetako brigadistek beraien esperientziak bertatik bertara azaldu eta ikusi, ikasi eta bizitakoa erakusteko hitzaldiak antolatuko dituzte. Lehen hitzordua urtarrilaren 29an izango da eta bertan Argentina-Uruguyra joandako brigadisten beraien esperientzia azalduko dute. Lantegi okupatuak, Maputxe herriaren borroka eta fracking-aren aurkako mugimendua, Filtroko gertaera eta justizia aldarria...
Azalpenarekin amaitzeko amaitu berria zen muralarekin argazkia atera eta Aingeru bakarlariaren kantaldiaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratuek.